Everest, Takolo, dozena bat kontu

Uztarria 2005ko mai. 13a, 13:05
Joxe Takolo —goian eskuinean jarrita, txapelarekin—, 1980ko Everesteko espediziokide guztiekin, mendi haren magalean bertan.

Bihar (maiatzak 14) 25 urte zapaldu zuen euskal herritar batek lehen aldiz munduko mendirik altuena: Martin Zabaletak Everest

Espedizio hartan zen Joxe Takolo zena

“Everest, Takoloren mendia”. Izenburu horixe du Joxe Urbieta Takolo azpeitiar mendizaleaz (1941-2000) Uztarriak 2001eko maiatzean argitaratutako biografiaren atal batek (Enekoitz Esnaolak idatzi zuen). Mende laurdena beteko da bihar Martin Zabaletak Everesteko gaina egin zuenetik, eta gertaera garrantzitsu hari herriko ukitua ematearren, hona hemen aipatutako ataletik hartutako dozena bat istorio.

1. Ametsa. 1980an Evestera abiatu aurretik, Antxon Iturriza kazetariak elkarrizketa bat egin zion Joxe Takolori, eta munduko mendi altuenaz zer sentitzen zuen galdetu ostean, amets baten deskribapena egin zion Takolok: “Egunero joaten naiz Izarraitz aldera, prestaketa fisikoa egitera, Erlo aldera askotan, eta azkeneko aldapan harri artean nagoela, begiak itxi eta Everesteko tontorrera iristen ari naizela amesten dut”.

2. Joateko itxaropena. Euskal mendizaleak Everestera lehen aldiz 1974an joan ziren, Tximist espedizioan. Joxe Takolo ez zen joan, artean ez zituelako Lorente-eta askorik ezagutzen. Takolo, hala ere, gustura geratu zen, bere izena aipatu zelako orduan: “Deituko zidaten itxaropena izan nuen. Dena den, badakit nitaz gogoratu zirela eta ni oso gustura geratu nintzen”. Ama Candelariak pena handiagoa hartu omen zuen.

3. Afari hura... Takolok garbi zeukan hurrengoan berak joan beharra zuela Everestera. Edozein aukeraz baliatzeko prest zegoen, baita lotsa pasatu behar bazuen ere. Hala, behin Lorente eta Rosen Lagun Onak Mendi Bazkuna egoitza ireki berrira afaltzera gonbidatu zituen, Juan Mari Alkortaren bitartez, Joxek ordurako ezaguna baitzuen Cegasan lan egiten zuen azpeitiar hura. Everesteko lehen espedizioa eta bigarrengoa zirela-eta, Alkortaren bidez Lorente eta Rosen Loiola Herri Irratira etorri ziren larunbat baten. Joxe Takolok egun hartan eguerdian familiako baten ezkontza zeukan, bazkaria Loiolan bertan, Kirurinekoan, eta bazkariaren ondoren mendigoizale haiek Loiolan Alkortarekin batera ikusi zituenean, ez zuen dudarik egin. “Alkortari esan nion Lagun Onakera joango ginela afaltzera, nik ordainduko nuela —zioen Joxek—. Ustarrineko taberna-jatetxetik txuletak eraman eta han afaldu genuen. Ni isil-isilik egon nintzen, lotsatuta, txokoren baten. Baina orduantxe hasi nintzen amistade pixka bat izaten jende harekin. Loiolako erabaki hura izan da inoiz hartu dudan garrantzitsuenetakoa, eta ez dakit nolatan hartu nuen, hain motza izan naiz beti...”.

4. Rosenen deia. Halako baten, Rosenek etxera telefonoz deitu zion: “Hartu nuen telefonoa eta: ‘Joxe, Everesteko taldean zaude’, esan zidan Rosenek. Zoratzen nengoen, eta Rosen agurtu eta gero telefonoa eskegi gabe utzi nuen”.

5. Katmandurekin txundituta. Joxe txundituta geratu zen Katmandun aurkitu zuen pobreziaz: “Katmanduk erabat harritu ninduen. Joan aurretik toki hartaz asko irakurri nuen, oso ederra zela, eta, beraz, ez nuen imajinatzen leku pobre eta utzitako bat”. Segituan “hunkitu” zuen bertako jendeak. “Esaten da hango jendearen zoriontasuna pobreziaren atzean ezkutatzen dela. Baina egia esan behar badut, itxuraz behintzat haiek zoriontsu agertzen ziren. Izan ere, txirotasunean jaio izan dira eta ez dute ohiko gauzatatik aparte ia ezer behar”.

6. Mister Takolo. 1980an sherpa batek estuasunean jarri zuen Joxe, zer egin ez zekiela. “Bi anaia sherpa, espedizio baten inoiz parte hartu gabe egon arren, Hego Leporaino hiru aldiz heldu ziren espedizioan zehar —8.000 metrora ia-ia—, eta hasi nintzen haiei soldata ordaintzen eta anaia bat negar baten hasi zen, belauniko jarrita. Eskerrak emanez ari zen, ez zuelako inoiz horrenbeste diru batera ikusi. ‘Aldegin ezak neure aurretik... Ez ezak hori egin nire aurrean, Jainkoagatik!’, jardun nuen neure artean, zer egin ez nekiela. Azkenerako, eskupekoa eta guzti eman nien anaia haiei, baita arropa pixka bat ere”. 1981ean azpeitiarra Lhotse Shar mendira joan zenean, Everesteko eta Lhotseko bidean sherpa harekin topo egin eta “mister Takolo” deitu zion.

7. Everest, lehen aldiz aurrean. Martxoaren 6an, sherpen herri nagusi Namche Bazar-era iritsi zenean —3.440 metro— Joxek bizian aurreneko aldiz bere begiekin Everest ikusi zuen. Ez zuen une hura sekula ahaztu. “Emozionatu egin ninduen Everesteko arista ikusteak. Lehen aldia nuen, eta ez dut hitzik une hura nola sentitu nuen azaltzeko. Laino artean zegoen Everest. Ederra ikuskizuna! Eta hura mendi puska! Nik imajinatutakoa baino askoz handiagoa”.

8. Ikurrina. Tontorra egiteko asmoa al zuen? “Gehiegi” zatekeen, baina Joxek badaezpada motxilan ondo gordeta zeraman amak propio egin zion ikurrina txikia.

9. Julian Toallerekin akordatu zenekoa. Martxoak 7. Gerturatze bideko seigarren eguna, Takolok lehen lesioa izan zuen eguna. “Akabo?”, pentsatu zuen. “Munduko gizonik zoritxarrenekoena sentitu nintzen eroritakoan, uste bainuen besoa hautsi nuela eta espediziotik erretiratu beharra izango nuela. Zorionez, ordea, besoa pixka bat aztertzen hasi eta ez neukan hautsita, aterata baizik”. Julian Lapeira Toalle azpeitiarrarekin akordatu zen Takolo besoa atera zitzaionean. “Toallek behin baino gehiagotan azaldua zidan bost bat urte lehenago Benasquen besoa atera zitzaiola eta medikuak nola sartu zion. Neuri atera zitzaidanean, Toallek azaldu zidana ekarri nuen gogora, eta, zorabiatuta eta bakarrik banengoen ere, besoa sartzea lortu nuen. Harrezkero makina bat esan izan diot Toalleri: ‘Eskerrak hiri behin besoak irten zian’”.

10. Maiatzaren 14a. Maiatzaren 11tik beheko kanpamenduan egon zen mendizale azpeitiarra. Martin Zabaletak eta Pasang Tembak maiatzaren 14an egin zuten Everesteko tontorra, arratsaldeko hiru eta erdietan, eta Joxe hantxe harrapatu zuen. Guztien arrakasta izan zen, bai baitzekiten oihartzun handiko lorpena zela. Everestera igotzen munduko 104. mendizalea zen Zabaleta, eta lehen euskal herritarra. Joxe Takoloren espediziokidea. Hobeto esanda: Joxeren lagun handia, Everestera joan aurretik eskaladako saioetan ezagutzeaz gain, espedizio osoan zehar Joxek gehienbat Zabaletarekin berarekin, Arruerekin eta Errorekin tratatu zuelako, azpeitiarrarekin batera hiru haiek baitziren euskaraz zekiten bakarrak.

11. Everest, intxaur-egurrean. Everesteko espediziokideek omenaldi ugari jaso zuten etorritakoan: Bilbon, Pasaian, Tolosan, Hernanin... Azpeitian ere bai. Ekainaren 29an. Igandea zen. Une berezia izan zen Joxe Takolorentzat: “La ostra izan zen egun hura! Jendea Soreasun!... Lagunek Everesteko taila bat oparitu zidaten, Everest eta Lhotse intxaur-egurrean tailatuta azaltzen zirela, bidea markatuta. Ikusgarria! Dotorea!”. Zoratzen joan zen Joxe Kirurira bazkaltzera, baina pena pixka batez ere bai, Lorente lagun minak beraiei Gasteizko Udalak “arratsalde onik ere ez” zielako eman esan ziolako. “‘Joxe, zuri egin dizuten hau apreziatzekoa da’, esan zidan”.

12. Loteria tokatu eta haraxe. Joan aurretik ametsa zuen Everest. Etorri ondoren mendi faboritoa. Eta betirako. “Nik orain berriz ere nonbaitera joateko aukera eduki eta nik Everest aukeratuko nikek. Niri loteria tokatu eta haraxe. Evereste ez dela polita? Izango ez duk ba!”, esan ohi zion Benantxio Irureta mendizale lagunari. “Everest zen Joxeren mendia”, diote haren lagunek.