Antonio Aristi: "Epsilon Euskadi taldean hastea jauzi inportantea izan da niretzat"

Urola Kostako Hitza 2005ko mai. 6a, 16:05

Joan den asteburuan korritu zuen lehen karrera Epsilonekin, Belgikan

"Zirkuitoak eta autoa ezagutzea" ditu momentuko kezka nagusiak (urola-kostakohtza.info)

Epsilon Euskadi taldeko auto gidaria da Antonio Aristi urrestildarra. Taldeko euskal gidari bakarra da gainera. Megane Trophy mailan dabil, eta joan den asteburuan Belgikan korritu zuen Epsilonekin aurreneko karrera. Matxuragatik utzi egin behar izan zuen, ordea.

Zirkuitoko hainbat Kopatan korritu eta orain Epsilon Euskadin zabiltza.

Euskal Herrian zirkuitoan korritzen dugun piloto asko ez gaude, eta, iaz, Leon Kopan hirugarren gelditu nintzen, uste dut horregatik eskaini didatela aukera.

Belgikan zer moduz?

Ondo. Baina autoa berri-berria da, han estreinatu genuen, bi matxura txiki izan zituen, elektrikoak, eta horregatik pixka bat kosta egin zitzaidan ibiltzea. Taldea ere ondo ondo ibili zen. Txapelketa Europa mailakoa da, eta F1a kenduta, ia talde onenak hor dabiltza. Orain, hilaren 16an eta 17an Valentziara goaz entrenatzera eta ekainaren 4an han korrituko dugu.

Epsilon Euskadi taldean sartzeak zer suposatu dizu?

Ia profesional moduan korritzen ari naiz. Talde profesionala da, mekanikoak, ingeniariak, telemetristak daude. Jauzi inportante bat ematea izan da niretzat. Orain arte geuk egiten genuen erdi mekaniko, erdi gidari, dena. Orain gidari lana egiteko gaude, eta fisikoki fuerte egotea eskatzen digute.

Orduan fisikoki ere entrenatu egin behar, ezta?

Uste baino gehiago entrenatu behar dugu: kiroldegian, bizikletan... Auto azkarrak dira eta esfortzu handia eskatzen dute.

Aurtengorako, zer asmo?

Ikusi egin behar dugu nola moldatzen garen, jende oso ona dago eta lehia gogorra da. Txapelketako zirkuitoak ez ditut asko ezagutzen, Valentzia eta Estorilekoak bakarrik ezagutzen ditut. Nire kezka handiena, momentuz, zirkuitoak eta autoa bera ezagutzea dira. Nik hartu dudan autoa desberdina da, Formulako auto baten antzekoa da, kanbioak-eta bolantean dauzka eta horretara egin behar dut. Hiru-lau bat karrera egin arte ez dut helbururik jarriko.