"Udala demokratizatu" egin behar dela dio Habeak

Urola Kostako Hitza 2005ko mai. 3a, 13:05

Habeari dagozkion zinegotzi karguak bueltatzeko "formulak badaudela" diote (urola-kostakohitza.info)

Habeak, "bazterketa politikoa gainditzeko garaia" dela adierazi zuen atzo. "Demokrazia eta bakea lortzeko garaian omen gaude, eta horretarako hitzetatik ekintzetara pasatu behar da, Udala demokratizatu behar da".

Bi urte pasatu dira udal hauteskundetatik, "egoera antidemokratikoan egin ziren, ilegalizazioak tarteko zirela. Hala ere, Habea plataformak 2.027 azpeitiarren babesa jaso eta lau zinegotzi eskuratu zituen". Nahiz eta lau zinegotzi eskuratu, praktikan zinegotzi kargua hartzea "eragotzi" zaie. "Larriena, hutsune hori estaltzeko gainerako alderdiek izan duten jarrera da, ez dagozkien zinegotziak hartu dituztelako, egoeratik probetxua ateraz. Habeari zegozkion zinegotziak PNV, EA, PSE-EE eta PP alderdiek lapurtu dituzte", diote.

Habeakoen esanetan, bi urte hauetan Udala kudeatzen duten EAJ eta EA alderdiei proposamenak helarazi dizkiete, honetan duten "erantzukizuna" azalduz. "Formulak badaude, eta legezkoak gainera. Espainiako legeriak 182.2 legearekin aukera irekitzen du. Ez dagozkien zinegotziak kargutik dimititu eta edozein herritar hor jartzeko aukera dago".

EAEko hauteskundeetan ilegalizazioak izan duen pisua nabarmendu zuten, "Batasunari eta Aukera Guztiak-i ez diote utzi parte hartzen". EHAK alderdiak ilegalizazioa gainditzeko "egindako erakustaldia eta izandako babesa zoriondu" zituen Habeak.