'Bizitza Osoan Zehar Ikaskuntza' ekimen berria aurkeztu dute

Urola Kostako Hitza 2005ko api. 29a, 12:04

Ekimena aurrena Urola Erdiko bailaran abiaraziko dute,eta ondoren beste eskualdeetara zabaltzeko asmoa dute

Bizitza Osoan Zehar Ikaskuntza (BOZI) kanpainaren aurkezpena egin zuten atzo Enparan Dorretxean. Ekimen berria da, eta aurrenekoz Urola Erdian jarri da martxan, Iraurgi Lantzen, Emakunde, Aldundiko Berrikuntzarako departamentua eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren ekimenez. Gero, beste eskualdeetara zabaltzeko asmoa ere badute.

BOZIren helburua, pertsonek ikasketa eguneroko bezala hartzea da, beren bizi kalitatea hobetzeko. Kanpainak, 365.000 euroko aurrekontua du.

Azpeitiko eta Azkoitiko alkateek Iraurgi Lantzenen gaia "aspalditik" lantzen ari direla azaldu zuten, eta, Ezagutza Gunea ere hor dagoela. "Formakuntza aberastasun pertsonala lortzeko, bizitzarako eta garapen ekonomikorako garrantzitsua da", zioen Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak. Asier Aranbarri Azkoitiko alkatea ere bat etorri zen, "etengabeko formakuntzatik lortzen da pertsona askeak izatea, eta hortik herri askeak datoz". Oraingoz egitasmoan Azpeitia eta Azkoitia daude, baina aurrerago Zestoa ere sartzea espero dute.

BOZI ekimena estrategia zabalago baten barruan dagoela nabarmendu zuen Joaquin Villa Berrikuntza eta Jakintzaren Gizarterako departamentuko foru diputatuak: "Bizitza osoan zehar ikastea guztiok egin nahi dugun Gipuzkoa Berrikuntzaren Lurralde horren ezaugarri izan dadin".

Aurkezpen ekitaldian Toti Martinez de Lezea idazleak eta Maider Santamaria enpresariak parte hartu eta euren esperientziaren berri eman zuten. Biek, "norberaren buruan sinestea, autoestimua izatea eta ilusioa" azpimarratu zituzten, batik bat.

Hiru ikastaro

Lehen fasean hiru ikastaro jarri dituzte abian. Ez dira ohi bezala emango ikastaroak, mahai-inguruak, tailerrak eta irteerak egingo dituzte. Datorren asteazkenean hasi eta ekainaren 2a arte hiru gai landuko dira: komunikazioa (elkarrizketa pertsonalak, jendearen aurrean nola hitz egin, egoera bereziak...), elkartegintza (elkarteak nola sortu, emakumeen elkarteak, GKEak...) eta lana (autoenplegua, negozio-egitasmo bat nola aurrera eraman, langabezian daudenentzat irtenbideak...). Azkoitian, Kultur Etxean dira, 15:00etatik 17:00etara, eta Azpeitian, Sindikatu Zaharrean 17:30etik 19:30era. Ikastaroen berri jasotzeko edota izen-emateko 943 851100 telefono zenbakira deitu behar da. Webgune bat ere jarri dute martxan: www.bozi-altv.net.