Bihar, ostirala, hasiko da drogaren inguruko Prebentzio Astea

Urola Kostako Hitza 2005ko api. 21a, 12:04

Herritarrei banatutako txartel batzuetan drogari buruzko iritzia jasoko dute (urola-kostakohitza.info)

"Herritarrentzat eta herritarrengatik lan egitea" du helburu nagusia Drogomenpekotasunaren Prebentzio Mahaiak. "Baina, beti ere, herritarrekin batera lan eginez", diote. Mahaia arlo ezberdinetako herritarrek osatuta dago eta hilean behin elkartzen da Aitonenako areto nagusian.

Helburu dutena kontuan hartuta, Mahaitik kanpo atera eta herri mailan gaia jorratzeko Droga Prebentzio Astea antolatu dute. Bihar, ostirala, hasiko da eta datorren osteguna arte luzatuko da. Astearen barruan, herritarren iritzi bilketa, erakusketa, zine-foruma eta hitzaldia antolatu dituzte. Drogaren inguruan herritarrek duten iritzia jasotzeko bi mahai jarriko dira bihar eta etzi plazan eta anbulatorio aurrean. Tabernetan ere kutxak eta txartelak jarri dituzte iritzia emateko, horiek astelehena arte egongo dira.

Droga Prebentzioaren baitan lanean ari den Ainhoa Etura Udal teknikariaren esanetan "korrespontsabilitatea" sustatu nahi da Prebentzio Astean: "Denok baitugu zer esanik eta zer eginik gai honen inguruan".

Ana Reza Udaleko Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak beste gune batzuetan ere droga prebentzioaren gaia lantzen ari direla gogorarazi zuen: herriko ikastetxeetan Osasunkume programa dute abian eta Udalak antolatzen duen Guraso Eskolan, 12-18 urte arteko gazteen gurasoak, gai horren inguruan ari dira lanean.