Udal sustapeneko bederatzi etxebizitza zozketatuko dira, lehen esleitu gabekoak

Uztarria 2005ko api. 9a, 13:04
  • Enparan kaleko 46an daude, eta 2003an "hirigintza-arazoengatik" geratu ziren zozketatu gabe
  • Apirilaren 27an izango da zozketa, 19:00etan, Enparan Dorretxean
  • 2003an 57 zozketatu zituen 525 lagunen artean

Azpeitiko Udalak 2003ko ekainean udal sustapeneko 57 etxebizitza zozketatu zituen 525 lagunen artean ( Uztarria ), baina ez pentsatzen zituen denak, "hirigintza arazoengatik" (arautu gabe zegoen lur zatia, eta zozketa atzeratu egin zen), uztarria.com-ek eskuratu ahal izan duen Azpeitia Lantzen-en idatzi batek dioenez. "Hirigintza-arazoak konpondu dira", eta Azpeitiko Udalak, 2003ko Etxebizitza Planari segituz, etxe horiek orain esleituko ditu zozketa bidez.

Enparan kaleko 46an daude etxebizitza horiek, eta bederatzi dira. Apirilaren 27an (asteazkena) izango da zozketa, 19:00etan, Enparan Dorretxeko ekitaldi aretoan, eta notarioaren aurrean egingo da.

Zozketa horretan, 2003ko zozketarako izena emandako pertsonak baino ez dira sartuko, "300 bat lagun" Azpeitia Lantzenen esanetan, eta aste honen bukaeran jakinarazi zaie, gutun bidez; bakoitzari eman diote zenbaki bat.

Hain justu, baldintza hauek bete behar izan zituzten 2003an, zozketatuen artean sartzeko:

—Etxebizitzarik ez izatea jabetzan.

—Azpeitian erroldatuta egotea, gutxienez bost urte lehenagotik.

—9.015,18 euro eta 45.075,19 euro arteko diru-sarrerak izatea urtean.

Etxebizitzen planoak, prezioak eta zozketarekin zerikusia duen informazioa, Azpeitia Lantzen S.A.n dago (Enparan kalea, 1). Ordutegia: astegunez, 11:00-13:00, 16:00-18:00. Eurekin harremanetan jartzeko 943 157183 deitu daiteke.