Iraurgik partida garrantzitsua du Entrerrios Casao Uteboren aurka

uztarria 2005ko api. 8a, 20:04

Etxeko partida guztiak irabazi beharko dituzte igoera lortzeko

Zapatuan jokatuko da, 18:30ean, Azpeitiko kiroldegian

Lan Mobel Iraurgi Saskibaloiak garrantzi handiko partida jokatuko du, bihar (zapatua) Azpeitiko kiroldegian. Igoera fasea jokatzen ari dira, eta orain arte jokatutako biak galdu egin dituzte.

Gelditzen zaizkien etxeko partida guztiak irabaztea derrigorrezkoa dute igoera lortzeko. Horregatik jendearen babesa eskertuko dituzte. Entrerrios Casao Utebok bere aldetik ekarriko ditu zaleak, hala zioen Lolo Encinas Iraurgiko entrenatzaileak Urola Kostako Hitza egunkarian: "Oso jokalari beteranoak direla dakigu, 30 urtetik gorakoak dira. Goragoko mailetan jokatu duten jokalariak dituen taldea da eta bost titularrak oso onak ditu, ordezkoak, berriz, ez dira hain onak. Azpeitiko partidara zaletuak ekarriko dituztela esan digute, autobus oso bat beteta dator". Uztarria.com-ek eman zuen albiste hori.

Arratsaldeko sei eta erdietan izango da.