Jose Luis Otamendi: "Olerkiak unean uneko erantzun bezala ez hartuz gero, etsitzeko bidean ginateke"

'Nabarra' aldizkaria 2005ko api. 7a, 17:04

Goizean, bizarra egiten duenean, napalm usaina hartzen dio aireari. Bagdadeko aireportuan bonbek altxatzen duten kea da bere bainugelako ispilua zikintzen duen lurruna...

Goizean, bizarra egiten duenean, napalm usaina hartzen dio aireari. Bagdadeko aireportuan bonbek altxatzen duten kea da bere bainugelako ispilua zikintzen duen lurruna. Gerra du bere poesia lanen zehar-lerroetako bat, erakargarria baitzaio muturreko egoera batean elkarbizitza asmatzea. Gaitz handienari antidotorik xumeena bilatzen dio: gertutasuna, samurtasuna, aurkariari aurrez aurre begiratuz elkarrengana hurbil gaitzakeen haria. Gerraren poeta maitasunarena ere badelako.

Euria oso maite du Jose Luis Otamendi poetak. Bere idazlan asko eta askotan agertzen da giro bustia. Aurpegian haize bolada bortitzak sentitzea ere gustuko du. Biak, euria eta haizea, gogotik egin ditu harekin solas egitera bildu garen arratsaldean. Baina ez dugu eguraldiaz hitz egin.

Hogei urte luze dira lehen poema liburua argitaratu zenuela.

Hogei, hogeita bost ere bai. 80ko hamarkadan argitaratu nituen lehen olerkiak.

Orduan idatzitakoak irakurtzen dituzunean, zein zapore gelditzen zaizu?

Ez daukat lehengo gauzak irakurtzeko ohitura handirik, baina hor daude eta jabetzen naiz egindako okerrez eta egiten segitzen ditudan okerrez. Patxada eta beharbada zinikotasun puntu bat ere izan daiteke, baina unean uneko erantzuntzat ez hartuz gero, etsitzeko bidetik gertu egongo ginateke. Ni behintzat bai. Askotan, perspektiba batetik ikusita, gauza asko ez zaizkit egokiak iruditzen, baina hori egiten ditudan gauza gehienekin etengabe gertatzen zaidanez, nik dena onartzen dut, sinatzen dudan une beretik. Lotsa ere sentitu izan dut hori bera beste modu batera ere egin zitekeela ikusita. Zeu izan zaren horregatik zor diozun errespetuagatik, onartzen duzu.

Eta koherentziarik ikusten al diezu ordutik hona egindako lanei?

Ez nizuke esango. Kezkatan badago koherentzia, gauzak ikusteko eran, badago lotu litekeen eta hasieratik gaur egunera arte luzatzen den hariren bat. Forma aldetik aldaketak dezentekoak izan dira.

Poesian hasi nintzenetik lehenengo lau liburuetan bazegoen segida bat. Gero, beste batzuek nik baino argiago esan izan duten moduan, krisi batera iritsi zen neure esateko era; minimalismo antzeko horrek bere mugak ditu, jakina, hizkera eta adierazpide guztiek dituzten bezala. Une batean itotzera nindoala zirudien, gauzak esateko modu horren mugak oso agerian ikusi nituen. Eta beste zerbaitera jauzitxo bat egiteko ahalegina egin nuen. Lur bat zure minari etorri zen orduan; beste arnas bateko poesia izan zen hura, neurri luzeagokoa, tonuan ni eta zu joko horretatik gu batera igaro zena. Nabariago azaltzen da gizartea, gutxienez eszenategi bezala. Kezka beti izan da, baina liburu horretan esplizituki agertzen da. Bai tonuan eta bai poemen arnas berritze horretan formak aurkitu nituen. Eta horrek eman zizkidan beste puska baterako pilak. Bide berri hori nik ez nuke esango agortuta dagoenik, baina hasieratik ikusi nuen horrek berak bide luzeegia ezin zezakeela izan, ez liburu eran behintzat. Beste modu batean, bai, jende aurreko emanaldietan. Hain esker oneko jardunak dira, eta poema luze horiek, narratibo samarrak eta errepikakorrak, horiek bai, ematen dute irakurraldietarako. Ordain azkarreko lana da. Horretarako bai, baina zuzeneko emanaldietatik joz gero, poesia argitaratzeko beste hesi bat jartzen duzu, eta bi pareta horien artean esparru itxixeagoa daukazu. Eta hor gaude.

Ni eta zu elkarrizketatik gu artekora igarotze horretan, Susa argitaletxearen aterpera bildu izanak ere izango zuen eraginik, ezta?

Aterpe beti izan dut Ustela saileko liburu haietan eta, Koldo Izagirreren babesa izan zuen, haren babesik gabe ez nukeen gauza handirik egingo. Bestela, bizitzaren hariek ematen dizutena. Bizitzak, izaten dugun bizitzak, otzandu egiten gaitu. Hark agintzen du, emango ditugun erantzunetan hark agintzen du. Funtsezko kezkak beti antzekoak izango ditugu zerbait oso traumatiko izan ez badugu. Hor daude, itsu ez gara eta ikusten dugu mundu honek zein buelta dakartzan eta zein gorabehera lazgarri izaten dituen batzuentzat betiere. Hori ikusita, hortik aurrera ez dago irtenbiderik. Gurpila biribila da eta ez dago konponbiderik, eta bertan errenditzea ere… Zer gelditzen zaigu? Bada, elkarrekin bildu eta parekoa bilatzea, aurrez aurre begiratu eta ikusi nola moldatu, hemen egon behar baitugu festa hau bukatzen den arte. Gozoago egongo gara elkarrengana hurbiltzen bagara. Elkartasuna, gizatasunak ematen duen elkartasuna, hori besterik ez da gelditzen, denok gaude-eta saltsa honetan sartuta eta baliteke elkarri helduta eramangarriagoa izatea. Horretan poesiak asko laguntzen du. Baliabide bat eskura ematen dizu, detektagailu bat, sonar bat. Horren aurrean erreakzionatzen duzu eta akaso besteei ere eskaintzen diezu aterpe txiki bat. Poesia abaro txiki bat delako, guardasol txiki bat. Halakoak estimatzen dira, batik bat asko botatzen duenean.

Beste bide batzuk ere izan zitezkeen, baina zurea poesia izan da hasieratik; ez beste adierazpide batzuk, ez beste genero batzuk, poesia baizik.

Beharbada zerbait interesgarria lortzeko generorik zailena da poesia, baina jarduteko errazena da. Ez duzu azpiegitura handirik behar, erasaten dizuten egoeren aurrean jartzea besterik ez duzu. Eta kito. Pilotak frontoian jo eta errebotea ekarri, ea pilota horrek harrapatzen duen paper zuria. Gero, horren gainean lan egin beharko duzu. Poesiak beste generoek eskatzen duten adinako diziplinarik ez du exijitzen. Neurri batean, adoleszentzian denok probatu izan dugu poesia. Batzuek ez dugu fase hori gainditu. Ni hor gelditu nintzen. Poesia gako bat da. Bere morrontzak ditu, jaten ematea eskatzen du eta gobernatu egin behar da ezinbestean. Eta horretan metodo bat dago, eta laguntzen dizu. Denok egiten dugu zerbait besteei begira.

Besteei begira egiten duzu lan baina inguruan foku gehiegirik gabe, ez al da?

Neurri hori hartzea, hori da kontua. Antza ez dugu sekula asmatuko. Gure inguruak sozialki hainbeste ematen digunez, hainbeste hartzen dugunez, zerbait ematea ere itxurakoa izango da. Ogasunak eta halako kontuak alde batera utzita.

Hainbeste jasotzen duzuela diozu? Poesiak errekonozimendua duela uste duzu ala?

"Gure poesia oso merkea da, herriaren ahotik jaso nuen debalde eta debalde ematen diot…". Hori Arestik esaten zuen. Azken hondarrean, halako arrago txiki batzuk bagina bezala gara gu, jendeak ematen diguna beste modu batera bueltatzen dugu. Ze gauza ederragorik jendeak eman dizun hori bueltatzea baino! Hartu, asko egiten dugu.

Estimazio soziala, hainbestekoa dela uste duzu?

Ez dakit nik. Bere txikian jardun garrantzitsua da. Sormen orokorrean, poesiak pisua du. Herri baten kulturan irudikapen kolektibo bat osatzen ari gara. Horretan ari gara. Horrek badu ardura bat. Bere txikian tresna indartsua dugu esku artean: hitza. Kontuz erabiltzekoa da, batzuetan arinkeriaz jokatzen dugu, baina ahalegintzen gara arinegi ez jokatzen. Baina dena da kontraesana eta zalantza, hori da mugitzen gaituen zaldia. Eta guk hori otzandu egin behar dugu eta indar horien artean mugitu, oreka gutxieneko batzuk aurkitzeko.

Poeta eta erromantiko; zu maitasunaren poeta zara.

Erromantizismoa aspaldiko kontua da. Atzera berriz, hogeigarren mendearen azken laurdenean beste arrapizte bat izan da, poesia erromantikoarena, baina nik uste dut gehiago subjektibotasunaren poesia dela: niaren poesia. Eta horrek, bere aldian, bere mesedea egin zuen. Niak subjektibismoa esan nahi du, baina baita dogmatismorik eza, txikitasuna. Gauza guztiak bezala, alderdi bi ditu niak. Subjektibismoak bere arriskuak ditu, hortik banitatera zenbat egon litekeen, indibidualismotik indibidualkeriara zenbat dagoen, horiek dira akaso arriskuak. Nik alderdi mesedegarriak ikusten dizkiot, dogmen aurkako joera, txikitasunarena, gure poesian beste eszenatoki batzuk –hiritar giroa, kultura giro zokoratuagoak…– indar handiagoz sartu izana… Hortik etorri gara subjektibismora. Bagaje horrek, niaren bagajeak, ematen du balio bat.

‘Erromantikoa’ hizkera arruntean erabiltzen den adierarekin esan dut. Lirikotasuna esatea akaso egokia litzateke zure poesiaz hitz egiteko.

Lan egiteko era bat ere bada; ni errazago mugitzen naiz ni-zu erregistro gertuetan, hobeki jasaile erregistroetan urrutiko kolpeetan baino. Maitasuna eta lirikotasuna, bai, gertutasunaren bila jarduten naizelako. Azken finean, aurrez aurre begiratu eta denok oso antzekoak garela ikustea, denok ikusten ditugula gorriak boladaka, eta, orduan, hor sortzen da hari bat edo kate bat elkarrengana hurbil gaitzakeena.

Elkarrekiko sentimenduen indarra baliatzea izan da mendeetan eta mendeetan poeten lehengai nagusia. Ez al du bertigo pixka bat ematen gai horri atxikitzea poesia idazteko?

Hori da arazoa. Aipatu ditudan krisiak horrekin daude lotuta. Edo eszenategi berriak bilatu edo esateko modu ezberdinak egongo direla ikusi behar izaten da, baina ni neu ez naiz kapaz horiek asmatzeko eta orduan konbinazio berriekin saiatzen naiz. Horregatik askotan, isiltasuna. Jendaurreko ekitaldi batean motibo jakin bat edo zer esana edukitzea gauza bat da, baina zeure burua jendeari oro har zerbait emateko gai dela ikustea, hori beste gauza bat da. Isiltasuna jardun artistikoaren osagai garrantzitsua da. Isiltasuna, isiluneak, isilaldiak. Lan hori serio hartu nahi baduzu, konturatzen zara ezingo zarela etengabe kalakari aritu.

Ez, hori beste batzuek egiten dute, kazetariek, politikariek, edo idaztetik bizimodua atera behar duten idazleek…

Bai, hala da (kar-kar). Gurea luxua da. Nahi dugunean esan eta bizpahiru lagun aditzen edukitzea. Besteek, ordea, etengabe egon behar dute eman eta eman. Irakaskuntzan berdin. Ni irakasle naiz lanbidez. Kuban aspaldi asmatu zuten ikastetxe barruan goitik beherako eta behetik gorako zeregin aldaketak. Bestela, hierarkiak puskatzerik ez dago.

Gerra. Bizarra egiten dudanean / goizetan urrun ibiltzen naiz / luberri egiten oihan itsuetan / napalm usaina hartzen diot aireari (…). Hori diozu olerki batean. Eta beste batean honoko hau: Badirudi / zinez / izan diren gerra denetan ibili naizela.

Zein garaitan idazten duzun ere bere pisua du horrek. Nire zehar-lerroetako bat beti izan da munduan gertatzen denaren aurrean kezka geureganatzea. Balkanetako gerrek oso gogor eraso ziguten guri, Europan bizi garelako. Lehenago, Berlingo harresia botatzeak, eta askoz lehenago, Nikaraguak. Markatu egiten zaituzten gertaerak dira.

Gerrak oso osagai interesgarriak ditu. Gizarte hau berau antolatzeko beste parametro batzuk direlako, azken batean bizi egin behar duzu hiltzen zaituzten arte. Alderdi humanotik oso interesgarria da hainbesteko samintasunez bizitzen jakitea. Hori erakargarri egin izan zaigu askotan. Horren aurrean, elkarbizitza asmatzea, egunero ogia erostera joatea, lagunari deitu eta elkarrekin egotea…

Eta baita zoriontsu izatea ere…

Gehiegitxo esatea da zoriontasunarena. Bizitzen jakitea, behintzat; inguru arrotz batean bizitzen jakitea. Guri oso intentsitate txikiko gerra bat bizitzea egokitu zaigu. Horren barruan, gerra txikiak daude, herrian tokatzen zaizkizunak eta kulturarekin eta politikarekin nahastutakoak. Hor badago beta indartsu bat, gizartea aldenik alde jotzen duena, eta badaude gainetik edo azpitik elkarbizitzaren behar batzuk ere bai. Ni zurekin gerra batean egon naiteke eta okindegi berean ogia erosi. Badaude esparru komun batzuk; horiek eta frontea, biak kontuan hartzea komeni da. Horrek apaltzen zaitu. Identifikatzen ikasten duzu. Ahalegin bat ere bada, poesia edo beste edozein jardun identifikatzeko ahalegin bat da. Bakoitzak geure saminekin eta pozekin identifikatzen dugu aurkaria.

Sarajevoren inguruan jendaurreko emanaldi batzuk eman genituen duela urte batzuk. Erabiltzen genuen euskarri nagusia informatiboetako irudiak ziren. Ikaragarri gogorra zen. Irudi latz haiei txertatzen genien poesia, jende askok gerra nola bizi zuen azaltzen zuten olerkiak.

Eta zoria, heriotza azken batean.

Halabeharra, ez da inon ikasi behar handirik horretaz jakiteko. Hau bukatu egiten da. Heriotza bera eragile bihurtzen zait galderak egiteko. Gertutik ikusteko aukera duzunean, ikasbide hori sendotu egiten zaizu. Ikasbide sinple batzuk dira: maitasuna eta desamodioa, heriotza eta heriotza moduak… Amaieraraino tente antzean edo, pertsona duintasun batekin agertzeko ahalegin bat. Azkenean, zer da? Itxura antzera iristea. Zorte handia da hori, askok bete ezin izaten dutena. Gure borroka hori da, azken horretara aberia handirik egin gabe iristea. Nire poesiaren konstantea dela heriotza? Konstante handi horiek maitasuna, heriotza, gerra, borroka dira. Eta gaitz handienari, antidoto handiena, oso xumea dena, gertutasun eta samurtasun behar hori. Hori da elkarrengana hurbiltzen gaituena. Irabaziko dugu esaten duena galduta dago. Elkartasuna txikira ekarri behar da.

Zuzeneko emanaldietan gustura zabiltza?

Aspaldi honetan ez dugu hainbeste egiten. Beti izan dut gustuko jende aurrean leitzea. Hitzaldiak ematen motzagoa naiz, baina poesia irakurtzea jendearengana hurbiltzeko modu bat da. Neurri luzexeagokoak, irudiak salda pixka bat gehiagorekin ematea, ez hain trinko, errepikapena erabiliz irudiak eslogan bihurtzea eskatzen du jendaurreko emanaldiak eta, tira, niretzat oso esker oneko lana izan da gehienetan. Beti ulertu izan dut jendeari emateko modu bat izan daitekeela. Jendearengandik hartu duzun horren ordaina jendeari eskaintzen diozulako. Beste abantaila bat da epe laburragokoa dela, liburuek askotan epe luzea edukitzen dute eta gerta liteke mausoleoan geratzea. Une jakin bateko berotasunak eta hoztasunak ematen dituzu eta gai jakin baten bueltan zer egiten ari zaren azaltzeko modu egokia da, musikarekin oso ondo sartzen dena.

Asko ugaldu dira azken urteotan…

Bai, modu eta molde askotara. Gu hasi ginen garaian gutxi egiten ziren. Joxean Artze aritzen zen, Henry Bengoarena zegoen… Nik poza hartzen dut zein perretxiko festa sortu den ikusita. Astean-astean egunkarietako agendan ikusten da mordo bat. Oso bide ona da, eskola ona gauza askotan trabatzeko, idazteko eta esateko, olerkiak esateko. Ez garai batean zeuden eskola horien bidetik. Hori gainbeheran etorri ote zitekeen, eta azken hamabost urteetan beste bide hori pizten ari da. Askotan zuzenekoekin liburuak osatzeko atea ixten ari gara, bidea erretzen. Beste gazte batzuk akaso ari dira liburuetara iristen.

Zer iruditzen zaizu, gaurko poeta gazteek zuk baino zailtasun gehiago dituztela argitaratzeko?

Gazteek zailago dute orain. Bai, nik uste dut zailago dutela. Orain konpetentzia askoz handiagoa dute. Argitaletxe gehiago ere bai, baina, hala ere, gurea errazagoa izan zen. Orain iragazki asko pasa behar dira argitaletxe batera iristeko eta ateratzeko. Sarien bitartez edo bekaren baten bitartez ez bada, zail da. Orain poesia argitaratzeko eskuderia gehiago dago, denen mesederako. Eta hala ere, zailagoa dute.

Zerbait prestatzen ari al zara orain?

Asmotan bai. Biltzen ari naiz. Ez dakit noiz emango den. Aginduta nion neure buruari urte bukaerarako zerbait aterako nuela. Baina ez dut uste beteko dudanik. Bestalde ari naiz, Iñigo Aranbarrirekin, Loiolarik ez balitz prestatzen. Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinadorarekin kaleratuko dugu, udaberrian. Urola bailarako literaturaren historia soziala eta ideologikoa egin nahi dugu nolabait. Tartean badira Azpeitia-Azkoitia eta Loiolari buruz hainbat idazleren ekarpen batzuk eta kanpotarrek jasotakoa: Cervantes, Humboldt, Loti, Blasco Ibañez, Curros Enriquez… Han eta hemen galduta zeuden ikuspegi batzuk bildu eta geure begipean jarri ditugu eta ikuspegi kritiko literarioa eman diegu.

Gainontzean, poesia idazten eta biltzen ari naiz, bai. Agindua nion neure buruari abendurako zerbait egitea. Baina ez, ez dut uste iritsiko naizenik. Ez daukat presarik.