Joseba Segurola 'Xegu' atxilotu du Frantziako Poliziak

uztarria 2005ko mar. 23a, 20:03

Gaur (hilak 23) goizean atxilotu dute Lannemezanen; 2001etik zegoen sasian

Batzarra asteartean 19:30ean egingo da, plazan

Azkeneko albistea (11:27, hilak 28): Segurolak jo egin dutela salatu du

Joseba Segurola Xegu azpeitiarra atxilotu du Frantziako Poliziak gaur (hilak 23) goizean Lannemezan-en (Frantzia), ETAko kidea dela egotzita, Berria.infon jartzen duenez.

Frantziako Poliziak eta Espainiakoak elkarrekin egin duten operazioa izan da, eta Frantziako Terrorismoaren Aurkako Dibisioko kideek eta Baionako polizietxekoek parte-hartze zuzena izan dute atxiloketetan. Segurolarekin batera, oraindik guztiz identifikatu gabe duten emakume bat ere atxilotu dute.

Iturri horien arabera, bi atxilotuak auto banatan zihoazen harrapatu dituztenean, eta armatuta zeuden. Polizia iturrien arabera, kontrolpean zituzten biak, eta alokatuta zeukaten garaje baten ondoan atxilotu dituzte.

Asteartean 19:30ean batzarra egingo da Azpeitiko plazan.

Azkeneko albisteak

La Sante kartzelan sartu dute (17:00, hilak 27): Atxilotu zutenetik, Baionako polizi-etxean izan dute Joseba Segurola —Miren Itxaso Zaldua hernaniarra da Lannemezanen atxilotu zuten bestea—, eta atzo Parisera eman zituzten biak, Laurence Le Vert epailearen aurrera. Ondoren kartzelara bidali zituen, besteak beste ETAko kide direlakoan eta armak izateagatik. Segurola La Sante (Paris) kartzelan sartu zuten —Zaldua Fleuryn—.

Segurolak jo egin dutela salatu du (11:27, hilak 28): Askatasuna-k ohar baten bidez jakitera eman duenez, Joseba Segurolak Le Vert epaileari esan zion atxilotze unean eta gero polizi-etxean, inkomunikatuta zegoela, poliziek jo egin zutela. "Poliziak indarkeriazko jarrera du —esan du Askatasunak—, eta, beraz, ikertu egin behar da Segurola jo egin duten. Inkomunikazio egoerak horrelakoak ahalbidetzen ditu, eta desagerrarazi beharra dago ondorioz". Askatasunak adierazi du La Santeko medikua Segurola ikustekoa dela.