Zaharren egoitza dela-eta EAren jarrera

Manuel Unanue (Azpeitiko Udaleko Eusko Alkartasunako bozeramailea) 2005ko mar. 8a, 20:03

Azpeitiko zaharren egoitza dela-eta Manuel Unanue, Azpeitiko Eusko Alkartasuneko bozeramaileak, gutun hau kaleratu zuen Urola Kostako Hitza egunkarian

"Gipuzkoako Foru Aldundiaren irizpidea, zaharren egoitza bakarra egitea da. Aldundiko tekniko eta politikariekin egindako bilera guztietan zahar etxe bakarraren beharra eta egoitza publiko edo kontzertatu bat (San Martingoa bezala) baino gehiago izatearen burugabekeria behin eta berriz aipatu da.

Diputazioak Azpeitirako egindako planen, ikerketen eta biztanlegoari dagokion eboluzio maparen arabera hogei urterako 120 erabiltzaileko egoitza dagokio herriari.

Ekonomia parametroek, Foru Aldundiko teknikarien arabera, 100-120 erabiltzaileko egoitza hobesten dute, eguneko zentro eta bestelako zerbitzuak alde batera utzita.

Eraikin publiko txikiagoak porrot egitera eta bestelako errekurtsoak behar izatera behartuta daude. Tolosako Gerontologi zentroa arrazoi horiengatik itxi zen.

Udalak alkate jaunaren kapritxoa den ekimen honetarako gastatuko al du beste gauzetarako presazkoa duguna?

Aldundiko tekniko eta politikariek hauxe diote: "Hobe da denen arteko adostasuna proiektu hoberena baino".

Kontsentsua egon dadin, ezinbestekoa da San Martin egoitzakoen adostasuna izatea. Alkatea Fundazioa konbentzitzen saiatu zen egoitza Loiolara eramateko, baina hauek gaur egungo kokalekua egokia zela erabaki zuten; 125 urte daramazki herrian. Alkatearen nahiari 7 boto kontrakorekin eta 3 aldekorekin ezezkoa eman zitzaion. Alkatea da Fundazioaren lehendakaria.

Alkateak Udaleko bozketa irabazi zuen bere alderdiaren aldeko botoekin eta ez besteekin, hau da, herritarren gehiengoa ordezkatzen dutenen botoekin, nahiz eta horiek Udalean itzalik ez izan denok dakigun arrazoiengatik.

Alkateak ez du adostasunik lortu, ez Fundazioan eta ezta Udalean ere. Bere kapritxoa edozein kontsentsuren gainetik dago.

Aldundiko teknikoen arabera, Europako egoitza berrienak eredu hartuta, egoitzak hirigunean kokatzea ezinbestekoa da. Eta Loiolako proiektugileak ere, Fernandez jaunak, bere txosten guztietan halaxe onartzen du: "Herri eta bizitza sozialaren erdian". Era berean onartzen du bere proiektua, "aldendutako lur sail batean, inguru urbano batean" dagoela. Beraz, onartzen du Loiolako kokalekua ez dela egokiena.

Alkatearen kapritxo honek eta burugabetasunak etorkizuna hipotekatzera garamatza.

Gogora dezagun, zaharren egoitzarako proiektu izarra zuen alkatea izan genuen lehen, gaur egungo alkateak bertan behera utzi du haren proiektua. Orain kapritxo batek beste bat hartzen du.

Alkateak dioenez, Udalak San Martin Fundazioak 120 plazataraino handitzeko lanak egingo dituela ezeztatzen du, toki fisiko faltagatik.

Alkateak onartzen du, San Martin egoitza, 76 gelarekin eta gaur egungo egoitza modernoen parametroak beteta, Azpeitiko beharrizanei erantzuteko gai dela epe motzean.

Epe motzera, beraz, ez da 60 plazatako beste egoitzarik beharko, ez Loiolan eta ez inon.

Etorkizunerako, 20 urtera, 120 plazara iritsi behar dugu. 44 falta zaizkigu.

Alkateak San Martin egoitza handitzeko toki fisikorik ez dagoela dioen arren, egoitzaren handitzeko proiektuak 120 plazara iristea aurreikusten du. Bi fasetan handituko da San Martin egoitza.

Alkateak, Loiolarako proposatutakoa eta besteek, San Martingoek, proposatzen dituzten gelak ia berdinak dira. Loiolako famili unitatea 10 lagunekoa da. Hau da, sukalde eta egongela bat hamar lagunentzat. Eta aldiz, San Martinen famili txikiagoak proposatzen dira: eramangarriagoak, intimoagoak, 6 lagunekoak, eta ondorioz, erosotasun handiagoa lortzen da horrela. 46,74 metro karratu pertsonako San Martinen eta 39,60 metro pertsonako Loiolan.

Eguneko zentroa poxpolo kaxa batean sartzen da, San Martinen badago tokia eguneko zentrorako arazorik gabe, eta gainera proiektuan aurreikusita dago.

Alkateak toki fisikoaz gezurra dio, 120 erabiltzaile erosotasun osoz Loiolan baino hobetoago sartzen dira San Martinen, eguneko zentro eta monja eta guzti. Bi proiektuek biltzen duten datuak dira hauek.

Alkate, kapritxo batek ezin ditu datu errealak itsutu.

Hurrengo batean beste parametro batzuk aztertuko ditugu, tartean ekonomia arloa".