Eusebio Beloki: "Ahalegin handia egiten ari gara Xoxoteko aterpea aurrera ateratzeko"

uztarria 2005ko mar. 7a, 16:03
  • Beloki berriro ireki zenetik da aterpearen arduradun, Beni Odriozola lagunarekin batera
  • Gazteek ez dute ohiturarik asteburuetan lo egitera joateko (Urola Kostako Hitza)

Eusebio Beloki Xoxoteko aterpeko arduraduna da berrikuntzak egin eta ireki zenetik. Bi urte igaro dira ordutik, eta Urola Kostako Hitza egunkarian bertako martxaz hitz egin du.

Belokik dioenez jende gutxi ibili da aterpean: "Lehenengo urtea ireki berria zela eta, ez zen oso ona izan; jendeak ez zekien irekita zegoela eta ikastetxeetako umerik ez zen egon aterpean. Bi urte hauetan Xoxote egunean ere ez dugu suerte handirik izan; bietan giro txarra egin duelako. Bigarren urtean umeak hasi dira lo egitera etortzen, ez guk nahi beste". Hala ere oraindik goizegi dela dio kontuak ateratzen asteko, eta lan asko dagoela egiteko: "Oraindik lan asko egin beharra dago. Hasten ari gara. Hiru -lau urte pasatu arte nik uste ezin dela benetan emaitzarik jaso. Benetan hemen lan egiteko era oraindik zein den ez dakigu".

Gazteen erantzuna izan da uste ez bezalakoa; juergazaleak omen hemen ingurukoak: "Gure hasierako asmoa herriko gazteak asteburuetan aterpera lo egitera etortzea zen, baina oraingoz behintzat gazteek ez dute horrela egin. Hemen jendeak asteburuero juerga egiten duela dirudi. Gehienbat familiak umeekin igotzen dira asteburu pasa. Azkoititik, Elgoibartik, Bergaratik etortzen da jendea lo egitera. Jendeak ez du planteatzen lagun taldearekin Xoxotera lo egitera igotzea".

Irakurri osorik Hitza egunkariaren web gunean.