Euskara eta lan-mundua batu nahi du EBPNren egitasmoak

Urola Kostako Hitza 2005ko mar. 7a, 16:03

Azpeitiko Udalak, Euskara Patronatuak eta 7 enpresek sortu dute talde eragilea (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko Udalak Euskara Patronatuarena bitartez euskarari lan-munduan sarbidea emateko ekimen berria jarri du martxan. Otsailaren 17an egin zuten lehen bileran Azpeitiko zazpi enpresetako ordezkariek (Danona, Hormigones Lazkano, Codis, Zubiola, Glual, Urolalde eta Biele), Azpeitiko Udalak eta Azpeitiko Euskara Patronatuak, eta Siadeco Ikerketa Elkarteak hartu zuten parte. Hasierako bileran zazpi enpresek besterik ez bazuten parte hartu ere, aurrerantzean enpresa gehiago sartuko dira egitasmoan.

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) baitan kokatzen da lan-munduko ordezkarien talde eragile honen sorrera. Azpeitiko enpresetan euskararen egoera aztertu eta EBPNren lan-mundurako egitasmo nagusiak bideratzea izan dira lehendabiziko bileran tratatu diren gai nagusiak. Komunikazio plana egin du Azpeitiko Udalak herriko enpresetan. Azpeitiko EBPNk 2005erako duen erronka nagusia Azpeitiko lan-munduan hizkuntzaren normalizaziorako bulego teknikoa sortzea da. Bi helburu izango ditu bulegoak: enpresek dituzten komunikazio estrategietan hizkuntza normalizazioaren oinarriak txertatzea, eta hizkuntzen arteko elkarbizitza egokia sustatzea. Bulego teknikoaren eginkizunen artean udalerriko enpresak dinamizatzea; irudian, ezagutzan eta erabileran eragitea; eta erabiltzen diren hizkuntzena artean oreka bilatzea daude.

Talde eragilearen hurrengo bilera apirilaren 7an izango da.