Mendian trebatzeko ikastaroak antolatu dira

Urola Kostako Hitza 2005ko mar. 3a, 18:03

Iaz ikastaroek harrera ona izan zuten, eta berriro antolatu ditu Lagun Onak bazkunak (Urola Kostako Hitza)

Iaz antolatu zituen aurreneko aldiz Lagun Onak Mendi Bazkunak mendiarekin lotutako ikastaroak herrian, eta harrera ona izan zuten. Hori ikusita, aurten hiru antolatu dituzte eta dagoeneko izen-emate epea ireki dute. Mendizaleen esanetan, "taldeak osatzen doazen heinean egunak eta ikastaroa emango den lekua finkatuko dira". Izena mendizaleen tabernan eman behar da kontakturako telefono zenbakia jakinaraziz.

Hastapeneko alpinismoa eta soken erabilerarekin lotutako ikastaroa da bat. Gutxienez lau pertsonako taldea osatu behar da, eta Piriniotan egingo da asteburu batez. Gutxi gora behera 117 euro kostako da. Bestetik, mendizaleen elkartean eta inguruko mendietan orientazio ikastaroa emango da. Gutxienez 8 laguneko taldea osatu eta hiru orduko bi ikastaro eta asteburuko egun bat izango dira. Pertsonako 56 euro da. GPS ikastaroa da hirugarren aukera. Hemen ere 8 laguneko taldea osatu behar da, eta ikastaro teorikoa elkartean eta praktikoa Andoainen da. Bi arratsalde eta asteburuko egun batez da, eta 54 euro inguru izango da.

Bazkide kuota

Bestalde, Lagun Onak MBk martxoko lehen hamabostaldian kobratuko die bazkideei 2005eko kuota. 0-13 urte artekoek eta 65 urtetik aurrerakoek ez dute ezer ordaindu beharrik.