Agustin Unzurrunzaga: "Euskaldunoi dagokigu etorkinak gure artean integratzeko pausoak ematea"

Uztarria 2005ko mar. 3a, 12:03
  • Agustin Unzurrunzaga SOS Arrazakeria elkarteko kidea da eta "Etorkinak eta euskal mundua"-z aritu zen atzoko (asteazkena) hitzaldian
  • Elkar ulertzeko eta elkarreganako errespetua lortzeko giltza gure esku dagoela azpimarratu zuen

Jakin-mina piztu zuen atzo Agustin Unzurrunzagaren hitzaldiak. Azpeitian ere etorkinen kopuruak gorantz egin du azken urteotan, eta Uztarriak kultur aniztasun hori nola bidera daitekeen argitzeko gonbidatu zuen SOS Arrazakeria elkarteko kidea.

Bi ideia azpimarratu zituen bereziki. Alde batetik, ezinbestekoa dela berdintasuna: "Oinarrizko eskubideak bermatu ezean, gaitza izango da etorkinei euskara ikasteko interesa piztea. Azken batean, bizimodu hobeago baten bila datoz Euskal Herrira eta ez gure herria edo gure kultura interesatzen zaizkielako. Euskaldunoi dagokigu etorkinak gure artean integratzeko pausoak ematea".

Bestetik, hurbilketa hori, guk egin beharreko lana dela: "Haiekin harremanetan jartzeko ahalegina egiten ez badugu eta arazoak azaltzeko gaitasun nahikorik ez badaukagu, alferrik izango da". Euskaldunok geure burua arriskuan daukagun giza taldea osatzen badugu ere, etorkinentzat eurak baztertzen dituen gizartearen zatia besterik ez garela gogorarazi zuen.

Unzurrunzagaren ustez, integrazioa ez da inola ere akulturazioa; "bide horrek arazoak besterik ez ditu sortu leku askotan". Beraz, etorkinei ezin diegu euren kultura propioa albo batera utz dezaten eskatu.

Biderik errazena, etorkinen seme-alabekin ahalegintzea izan daiteke. Egungo errealitatea ikusita, bi hizkuntzak irakastea beharrezkoa dela deritzo: "Berdinak izateko, biak ikasi beharko dituzte, guk biak erabiltzen ditugun heinean. Baina euren seme-alabak B eta D ereduetan sar ditzaten eragitea gure lana da". Dena den, zioen ezin dela lan guztia eskolaren esku utzi.