Alde zaharra biziberritzeko lehen fasearen lehiaketa

Urola Kostako Hitza 2005ko mar. 1a, 17:03

Obrak Plaza Txikian eta Enparan kalean egingo dira; 919.000 euroko aurrekontuaz (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko Udalak alde zaharra biziberritzeko asmoen baitan, lehen faseko obrak hastea erabaki du, eta Plaza Txikia eta Enparan kalea urbanizatuko dira. Orain, berriz, obrak egingo dituen enpresa aukeratzeko lehiaketa irekia eta presazkoa deitu du Udalak.

Lehiaketarako aurrekontu oinarria 919.796 eurokoa da (BEZ barne). Lehiaketara aurkezteko dokumentazioa Azpeitiko Auzmendi fotokopia dendan eskuratu daiteke eta informazioa Azpeitiko Udaleko idazkaritzan. Bai dokumentazioa eta bai informazioa eskuratzeko edota udaletxean eskaintzak egiteko epea, atzo hasi eta hamairu egunera bukatuko da. Eskaintzak Udaleko erregistro nagusian aurkeztu behar dira.

Aurkeztutako eskaintza guztiak Azpeitiko Udaleko Kontratazio Mahaiak aztertuko ditu. Urtarrilaren 12an, Udalak alde zaharra biziberritzeko lanen inguruko batzar zabala egin zuen Sindikatu Zaharrean. Han, udal ordezkariek eta teknikariek, baita proiektuaren zuzendaria izan den Jon Txabarri arkitektuak ere, Enparan kaleko eta Plaza Txikiko obren nondik norakoak azaldu zituzten.