Garikoitz Etxeberriaren espetxealdia 126 egunez luzatzeko eskatu du Fiskaltzak

Uztarria 2005ko ots. 25a, 21:02
  • Jarrai-Haika-Segi auziaren epaiketa luze jotzen ari omen delako egin du eskaera
  • Luzapenik ezean, martxoaren 6an kartzelatik aterako dute Kafe azpeitiarra

Jarrai-Haika-Segi auziaren epaiketa luze jotzen ari omen dela eta, kasuagatik behin-behineko kartzelaldian diren gazteen badaezpadako kartzelaldia beste 126 egunez luzatzeko eskatu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. Gazteen artean da Garikoitz Etxeberria Kafe azpeitiarra dago. Horretarako, defentsak "fede txarrez" epaiketa luzatzeko moduak erabili dituela argudiatu du fiskalak. Izan ere, martxoaren 6an bukatuko da espetxean diren auzipetuen behin-behineko kartzelaldia, eta egun horretarako epairik ezean, aske utzi beharko dituzte gazteak. Defentsak eskaera horren kontrako idatzia aurkeztu du, epeak behar bezala bete dituztela argudiatuz.

Hilaren 21ean, astelehenean, egin zuen eskaera idatzia Fiskaltzak, baina defentsak atzo izan zuen horren berri; hau da, hiru egun beranduago.

Kafe 2001eko martxoaren 6an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, etxean, eta harrezkero preso daukate. Alcala-Meco kartzelan dute, Azpeititik 500 kilometrora. Harekin, zazpi dira azpeitiar presoak.

Hain zuzen, Kafe Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) daraman itxialdian sartu berri da, euren eskubideen alde. Maider Egiguren azpeitiarra ere bai. EPPKren seigarren txanda da.