Herriaren ahotsa balkoian

Euskal Presoak Euskal Herrira Azpeitiko Topagunea 2005ko ots. 23a, 22:02


Urriaren 20an hasi eta urte bukaerara arte, martxan da Euskal Presoak Herrira! Azpeitiko Topaguneak herriko balkoi guztietan Euskal Presoak Euskal Herrira! dioen maindirea jartzearen aldeko kanpaina.

Azpeitian, eta orohar Euskal Herri osoan, hamaika era ezberdinetara zabaldu izan dugu Euskal preso politikoen eskubideen aldeko aldarria. Beraien izaera politiko onartzea, prozesu politikoan parte hartzeko duten eskubidea azpimarratzea eta, kaleratu aurretik, jaioterritik gertuen dituzten espetxeetan egoteko eskubidea errespetatzea besteak beste.

Bide horretan, garrantzitsua ikusten dugu beste jauzi bat ematea. Aurrera egitea, alegia. Eta horregatik jarri dugu martxan "Herriaren ahotsa balkoian" kanpaina. Herritarroi esfortzu gutxi eskatzen digun ekimen baten bidez, momentu jakin batzuetan guztiok oihukatu izan duguna, era eraginkor batean eguneroko aldarri bilakatu dadin.

Eta zentzu berean, herriko elkarte, ikastetxe, lantegi, komertzio...eta txoko guztietara zabaltzea ere bada ekimenaren helburua.

Ez utzi biharko, erosi zure maindirea. Batu ditzagun indarrak, eman dezagun beste pauso bat eta egin dezagun aurrera.

Guztion esku dago.