'Oroitzak' taula gainera

Urola-Kostako Hitza 2005ko ots. 16a, 17:02

Jubilatuen Elkarteko antzerki taldeak etzi Eguneko Zentroko aste berezian antzeztuko du (Urola-Kostako Hitza)

Antzerkirako zaletasuna bada Azpeitian, bai horixe! Antzerki talde berria sortu da herrian, Jubilatuen Elkarteko antzerki taldea.

Lan eta lan ari dira azken egun hauetan. Etzi, ostiralean, Oroitzak antzezlanaren bi ekitaldi estreinatuko dituzte Eguneko Zentroaren aste berezian, 15:30ean, Aitonenako aretoan. "Guk berehala poztuko ditugu ikusleak", dio Juanito Bikendik.

Antzezle taldea sei lagunek osatzen dute: Maritxu Unanuek, Gloria Odriozolak, Rosario Urbietak, Juanito Bikendik, Pedro Mendozak eta IƱaki Alberdik. Antzezlana Aitona-k idatzi du. "Oroitzak antzezlanaren idazlea Aitona da, halaxe sinatu du. Hiru ekitaldikoa da, baina bi egingo ditugu ostiralean", dio Unanuek. Kantaria ere badute, Joxe Eizmendi Txapel.

Sei aktoreak orain hilabete batzuk hasi ziren lanean, baina azken egunetan ari dira gogorren. "Saninazioetarako genituen paperak eta orduan ondo ikasi genuen, baina gero denbora bat utzita egon gara eta orain berriro ekin diogu", diote. Herriaren aurrean obra osoa antzezteko asmorik baduten galdetu eta batek honela dio, "Soreasuraino".

Animoak ez zaizkie falta. Bi taldetan banatuta ari dira entseatzen, "ekitaldiak halaxe ditugulako". Mahai baten inguruan antzeztuko dute, ekitaldi batean hiru gizonezkok eta bestean hiru emakumek.

Antzerki mundua gehienentzat berria da, baina bi badira esperientzia dutenak: Maritxu Unanue eta Juanito Bikendi. Elkarrekin Pasioa-n eta Antxieta Antzerki Taldean behin baino gehiagotan jardundakoak dira. Taldeko lagunek "aktore profesionalak" direla diote.

Soreasuraino helduko al da sasoiko aktore talde hau! Gogorik ez zaie falta eta, beraz, aldapa gutxi bidean.