Mikel Zengotitak irabazi du santotomasetako argazki lehiaketa

Urola-Kostako Hitza 2005ko ots. 14a, 11:02

Argazkiekin erakusketa otsailaren 26a arte egongo da irekita udaletxe azpiko erakusketa aretoan (Urola-Kostako Hitza)

Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatutako XIV. Santo Tomasetako argazki lehiaketako sariak banatu ziren atzo. Mikel Zengotita Azkoitian bizi den elgoibartarrak irabazi zituen helduen mailako lehen bi sariak. Gainontzekoak azpeitiar argazkilarientzat izan ziren. Garaikurra eta Argizaiolarako gonbidapena jaso zituzten. Erabakia otsailaren 3an hartu zuen Angel Olabarria, Iñaki Etxenagusia eta Joxe Ramon Larrañagak osatutako epaimahaiak.

Sari banaketarekin batera aurkeztutako argazki guztiekin erakusketa ireki zen Azpeitiko udaletxe azpiko aretoan. Otsailaren 26a arte izango da zabalik, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20etara eta larunbat eta igandetan 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara.

Antolatzailek gustura dira argazki lehiaketak izan duen mailarekin, eta hurrengoan pentsatzen jarrita daude, dagoeneko. Bien bitartean, iazko lehiaketako argazkiekin gozatzea besterik ez da geratzen, aurtengo sariketa iritsi artean, behintzat.