18/98+ ekimena sortu dute herritarrek, "eskubide zibil eta politikoen alde egiteko"

Urola-Kostako Hitza eta Uztarria 2005ko ots. 11a, 12:02
  • Gaur hasiko den Haika-Segi epaiketari ez ezik, gero etorriko diren auziei ere "erantzun bateratua" eman nahi diete
  • Goizean hasi da epaiketa, bi orduko atzerapenarekin. 16:00etan hasiko dira deklaratzen

Atzo aurkeztu zuten Azpeitiko 18/98+ ekimena, "eskubide zibil eta politikoen alde egiteko". Hainbat herritar, erakunde eta egituraren kontra 1998an hasi eta Udalbiltzaren aurkako operaziorainoko auzi zerrenda zabalari erantzun nahi dio ekimenak, "eta erantzun bateratua eman". Azpeitiko lau lagun daude auzi horietan inputatuta denera, Euskal Herrian, 220 lagun: Garikoitz Etxeberria Kafe, Haika-Segi auzian; Mikel Azkune eta Eneko Etxeberria, Egunkaria auzian; eta Miren Odriozola, Udalbiltza auzian.

Atzo Azpeitian aurkeztu zuten ekimenak "iraunkorra" izan nahi du: gaur bertan hasiko da Haika-Segi auziko epaiketa, eta, "hortik hasita, asmoa zera da: etorriko diren prozesu guztietan herriaren erantzuna bideratzea". Erantzun bateratua eman asmoz, manifestu bat adostu dute mugimendu ezberdinetako partaideen artean. Orain, manifestu horrekin atxikimenduak bilduko dituzte herrian, "eta prozesu guztiei erantzun bateratua" ematen saiatuko dira. Euskal Herri mailan, Bilbon manifestazioa egingo dute hilaren 26an, 17:00etan hasita.

"Euskal Herri osoaren aurkako eraso baten aurrean gaude", zioten atzo bildutakoek. Adostutako manifestuaren arabera, "erasotuak izan diren antolakunde guztiek babesten dute Euskal Herria herri bezala existitzen dela, eta herriak berak duela etorkizuna erabakitzeko eskubidea, eta hori errespetatu egin behar dela". Atzo Aitonenan bildu zirenek "euskal herritar guztioi dagozkigun oinarrizko eskubide zibil eta politikoak" aldarrikatu zituzten, eta auzi horiek denek "herritar guztiongan dute eragina", gaineratu zutenez. "PPk eta PSOEk diseinatutako estrategia" erabaki politiko baten ondorio dela dio manifestuak: "Ekintza legitimoak kriminalizatzen dituzte. Azken finean, parte hartze politikorako eskubidea, adierazpen eta iritzi askatasuna, elkartzeko eta antolatzeko eskubidea eta askatasun ideologikoa zigortu nahi dituzte".

Gaur epaiketa

Gaur hasiko da Haika-Segi-ren kontrako epaiketa, eta auzipetuen aulkian eseriko da Garikoitz Etxeberria Kafe, beste berrogeitaka lagunekin batera. Hori salatzeko, Azpeitiko gazte mugimenduak auzipetutako 42 gazteei "babesa eman" eta Segik datozen egunetan antolatuko dituen "mobilizazioetan parte hartzera" animatu ditu herritarrak. "Gazte independentista eta iraultzaile izateagatik epaituko dituzte; Euskal Herriko gazteria epaituko dute Euskal Herriaren aurkako eraso honetan", diote gazteek.

Madrilen gaur goizean

Akusatuen aurkako froga eta txosten guztiak ez dituztelako epaiketa lekura eraman, defentsak atzeratzeko eskatu du, epaiketa behar bezala egiteko beharrezkoa delako haiek eskura izatea. Tribunalak, ordea, atzera bota du eskaera eta arratsaldeko 16:00etan jarraituko du epaiketak. Berria.info web gunean dakar albistea