Azpeitian 1.007 ordaintzaile ditu 'Urola-Kostako Hitza'-k

Uztarria 2005ko ots. 5a, 20:02
  • 50.000 euro bildu dira herrian 2004ko kanpainan
  • "Gero eta azpeitiar gehiagok ikusten du euskarazko prentsaren beharra", dio Uztarriak

Azaroan ekin zion Urola-Kostako Hitza-k bere harpidedunen artean borondateko ordainketa eskatzeari, eta eskualdean bezala, Azpeitian ere oso erantzun ona jaso du .

Azpeitiko datuak

Denera 1.007. Herrian 1.007 harpidedunek ordaindu dituzte 2004ko 50 euroak (eskualdean 3.307 izan dira).

50.000 euro. Hitza-k Azpeitian 50.350 euro lortu zituen 2004an; bada zerbait.

300 telefono falta. Kanpaina telefonoz egin zen, baina Hitza-ri oraindik 300 bat azpeitiarren telefono zenbakiak falta zaizkio. Deitu ez badizute, zeuk hotsegin 943 30 43 46ra.

Ordaintzeko. Oraindik ez badituzu 50 euroak ordaindu, animatu eta hotsegin 943 30 43 46ra.

Uztarria

Iritzia. “Oso harrera ona izan du Hitza-k. Jendeak dio Uztarriak bazkide asko dituela: 1.027. Horietatik 900 dira herrian bizi direnak. Ba Hitza-k gehiago lortu ditu”. Uztarria Urola-Kostako Hitza-ko parte da.

Eskertza. “Uztarriak eskerrak eman nahi dizkie Hitza ere ordaindu duten azpeitiarrei. Euskaraz bizitzeko beharrezkoa dugu euskarazko prentsa, eta bistan da gero eta herritar gehiagok ikusten dutela hori”.

Udala

Hasi da laguntzen. Azpeitiko Udalak 2004ko irailean esan zuen Hitza ez zela lehentasuna, baina bi parteek elkarrizketan segitu dute, eta Udalak 2004an Hitza-ri 6.000 euro eman zizkion. Hitza-ren ustez, kopuru hori ez zen nahikoa, baina Udalak zioen ez zuela 2004rako diru gehiagorik. Hitza-k legealdirako hitzarmena proposatu dio, beste udalei bezala.

'Hitza'-z 'Argia'-n

Xabier Letona, Argia astekariko zuzendariak, Hitza proiektuaz idatzi du Argia-ren 2004ko urtekarian, prentsaren balantzea egitean. Honatx pusketa hori:

"EKTk bultzatutako Hitza proiektuarena da geratu barik jarraitzen duena eta 2004an beste bi sortu ziren: Urola-Kostako Hitza eta Goierriko Hitza; 2005eko urtarrilean, halaber, Donostian Irutxuloko Hitza kaleratu da. Gipuzkoan hiru eremu besterik ez dira izango Hitza egunkaririk gabe, Deba bailara, Lasarte-Oria eta Hernaniko eskualdea, eta Irun-Hondarribiko aldea. Zalantzarik gabe, EITBren ondoren, EKT ari da egituratzen euskarazko komunikazio talde indartsuena gisa. Hitzen norabidea dela eta, ikusi beharko da baita ere Oarso eskualdeko ON hilabetekari berriak beste eskualde batzuetarako biderik markatzen duen edo ez".

Gaur egun bost Hitza daude: Tolosaldean eta Leitzaldean, Oarsoaldean, Lea-Artibai eta Mutrikun, Urola-Kostan, eta Goierrin. Donostian otsailaren 17an aterako dute Irutxuloko Hitza-ren 1. zenbakia; San Sebastian bezperan atera zuten 0a. Urte bukaerarako denen artean egunero 50.000 ale banatuko dituzte.