Gotzon Aranburu kartzelaz aldatu eta urrutirago eraman dute

uztarria 2005ko urt. 26a, 16:01
  • Villenako kartzelara aldatu dute
  • Euskal Herritik 760 kilometrora dagoen

Etxeratek aditzera eman duenez Gotzon Aranburu preso azpeitiarra kartzelaz aldatu dute, eta Euskal Herritik lehen baino urrutiago dago orain. Valentzia III-an zegoen orain arte, 560 kilometrora, eta Villenara aldatu dute; hau 760 kilometrora dago.

Aranbururekin batera beste bederatzi aldatu dituzte kartzelaz, Etxeratek esan duenez: bi Frantziako estatuan eta zazpi Espainiakoan. Eta abendutik gaurdaino, berriz, 27.

Hori dela eta, Etxeratek bi estatuek "sakabanaketa politika hiltzailean sakontzen" jarraitzen dutela adierazi du, eta horren "helburuak nahiz ondorioak" argiak direla: "Euskal Preso Politikoen Kolektiboa osatzen duten gizon emakumeak fisikoki, psikikoki nahiz politikoki suntsitzea" eta ondorioak, berriz, "Oihane Errazkin, Kepa Miner, Leo Esteban eta Karmele Solaguren hil, hamarnaka lagun zauritu, milaka euroko gastuak...".

Etxeratek datorren ostiralean egingo den elkarretaratzean, eta otsailaren 3an "Amnistiaren Aldeko Mugimenduak borrokaldian diren euskal preso politikoen kolektiboarekin elkartasunean" antolatu duen mobilizazio egunean parte hartzeko deia egin du.

Gotzon Aranburu ez ezik, Garikoitz Etxeberria Kafe, Juan Carlos Arruti Paterra, Maider Egiguren, Xabier Etxeberria Txapi, Jabier Agirre eta Joxin Arruti dira azpeitiar preso politikoak.