'Hotela' izenez atera da 4. Literatuzta

uztarria 2005ko urt. 26a, 18:01

Ordenagailuko arazo batzuk tarteko atzeratuta, baina, argitaratu da 4. Literatuzta Literatur Aldizkaria. Zenbaki honetan partaideek hotel batetik idatzi dute.

Aurrez erabaki zuten Hotela gaia jartzea, eta bide horretatik jarraituz "bakoitzari gela bat eman zitzaion", esan dute Literatuztakoek. Behin kontestu horretan kokatuta, norberak nahi duena egiteko aukera izan du, eta horren emaitza izan da azken zenbaki hau.

Hamahiru lagunek idatzitako testuez egin da, nola poesiazkoak, nola prosazkoak. Hauez gain, ohiko sarrera, tarteko irudia eta Zakuan ataleko azalpenak (Donostian izan zen Euskal Herriko literatura aldizkarien erakusketa baten berri emanez) ditu.

Idazleak hauetxek: Kepa Urbieta, Eneko Azpitarte, Mikel Aierbe, Itsaso Andres, Xabi Borda, Igor Aranbarri, Arantxa Aldalur, Naiara Altuna, Iñaki Olaizola, Begoña Amezua, Ion Pozo, Itziar Aldalur eta Aitor Bengoetxea.

Banaketa

Literatuzta banatzen hasiak dira Uztarriako bazkideen etxeetara. Gainontzekoek euro baten truke jasotzeko aukera izango dute, Uztarriako egoitzan.

Webgune honetan ere irakurri daitezke eginiko lanak, hemen klikatuz gero.

Hurrengo zenbakia

Dagoeneko hasiak dira lanean, eta datorren martxoan kaleratuko dute 5. zenbakia. Taldekideek edonork parte har dezakeela gogorarazi nahi dute, eta horretarako literatuzta@yahoo.com helbidera idatzi besterik ez dagoela eurekin harremanetan jartzeko.