Udalari (ere), bidelagunez

Enekoitz Esnaola 2005ko urt. 14a, 20:01

Lehen partea Azpeitiko Udala zuzendua eta bigarren partea denoi.

Garrantzitsua zer den jakitea da garrantzitsua, eta Udalaren eta neure artean sortu den afera honetako gaian (ikus uztarria.com-en horri buruz behean dauden iritziak) zer gertatzen den ohartzea da, neure ustez, garrantzitsua: Azpeitiko Udalean agintean daudenek oraindik ere El Diario Vasco etxekotzat, euren egunkaritzat dute, aldez edo moldez.

Esaterako, “Pepe Gil jauna Iñaki Goenagaren etxean ez zen Diario Vasco-rentzat lanean aritu, Azpeitiko Udalarentzat baizik”, dio Udala-Alkatetzak bere erantzunean. Ez dakit hori jakinaren gainean egiten duen edo ez, baina hor dago gaitza: Udalak lagun duela DV (ez naiz sartu eta ez naiz sartuko DVko langileekin).

Gainera: nora bideratu du DVko argazkilari horrek (Pepe Gilek, alegia) zilegitasun osoz lehendabizi argazkia? Non irten du lehendabizi argazki horrek? DVn, jakina. Zer uste zuen Udalak? Zer uste du? Beraz, zergatik ez du orain kritikatzen publikoki argazkilari hori?... (ez diot Pepe Gil kritikatzeko eskatzen).

Erretiratu egingo dut ‘debekatu’ aditza (neure interpretazioa izan zen), baina Udalak udaletxeko ekitaldira Urola-Kostako Hitza eta Uztarria gonbidatu egin zituen eta Goenagaren etxekora ez, eta neure ustez, horrek esan nahi du Udalak esan gabe esan ziela Hitza-ri eta Uztarriari hara ez joateko ("Gonbidatuta al zaude ba"?...). Baina han zen DVko argazkilaria… Azpeitiko Udalarentzat lan egiteko, bai. Zuek interpretatu.

Berriro diot: Azpeitiko Udalak, berak bere kabuz ofizialki informazioa zabaltzean, komunikabideekiko berdintasun irizpidea izan behar du, eta kasu batzuetan ez du. Beraz, ez du.

Azkeneko kasua: Hitza-k modu zuzenean eta ofizialki (hau da, komunikabidea den heinean, behar bezala; kartaz, edo e-mailez, edo faxez, edo ahoz esanda…) atzo arratsaldean jakin zuen gauean plenoa zegoela, Udaleko arduradun batek esanda… aipatutako artikuluaz ari zirela telefonoz, solasaldiaren bukaeran. Hau da, txiripaz jakin zuela horrela. Ez dakit DVk ba ote zekien plenoa zegoenik, baina Udalak gero DVri ematen dio informaziorik, honek *erositako* prezioan argitaratzeko... Eta Uztarria eta Hitza enteratzen ez direnez, DVn irakurrita enteratzen dira plenoa egon dela.

Horrelako adibideak asko dira. Eta bistan da: Udalak berak egiten dizkit bere jarrera eta irizpide horren kontrako kritika artikuluak.

Atzo Joseba Egibar EAJren Gipuzku Buru Batzarreko lehendakariaren esaldi batzuk jarri nituen bukaeran, eta gaur, artikuluaren lehen zati honetan, Xabier Arzalluz EAJren Euzkadi Buru Batzarraren lehendakari ohiarenak jarriko ditut. Hain zuzen, Arzalluzek atzo hitzaldia eman zuen Donostian, Altza auzoan, eta besteak beste, kritikatu egin zituen DV eta El Correo bezalako egunkariak erosten dituenak “eskelengatik eta herri informazioagatik, pozoia tantaz tanta sartzen digutenean. Epelak gara”.

Eta berriz ere badiot: nik ez dut esaten Udalak ez emateko DVri informazioa, baizik eta modu berean tratatzeko Hitza eta Uztarria ere. Baina Udalak bidelagun DV izan nahi badu, jakin dezala zertan ari den.

Komunikabideek gaur egungo egoera politiko erabakigarri eta berezian duten garrantziaz hausnartuz egin dut beheko artikulua, goiko hori dena hobeto ulertu ahal izateko Udalak, baina beste denok ere.

Iritzi publikoaz

Antz handia dute 1970 bukaerako garaiek eta hauek, Euskal Herriaren biharko eguneko status politikoaz hitz egiten ari delako gizartea; batik bat, eragile politikoak. 1979an, azkenean, Euskal Autonomia Erkidegorako Estatutua onartu zuen EAEko gehiengoak, erreferendumean (erroldaren %53 azaldu zen alde). Nafarroan 1982an jarri zuten martxan Foru Hobekuntza, baina nafarren artean erreferendumik egin gabe. Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean ez dute bertako egitura juridiko-politikorik. 25 urte pasatu dira eta Euskal Herrian gatazka politikoa eta armatua ez da gainditu, arazoak hor jarraitzen du. Eta, gainera, EAEren kasuan, 1979ko Estatutu hura ez da bete. Hori guztia dela eta, Gasteizko Legebiltzarrak Ibarretxe Plana deritzona onartu du, gehiengoz; EAEren Estatutu berriaren proposamena, alegia. EAJk, EAk eta EBk bultzatutako plana izan da. Ezker abertzaleak, SAren bitartez, aldeko hiru boto erabakigarri eman dizkio plan horri (eta hiru kontrako), gatazka bukatzeko oinarriak jarri nahi ditu, eta haren ustez, interesgarria da planaren sarrerak esaten duena. Laburtuz: Euskal Herria, autodeterminazioa, herri kontsulta.

Madrilen ezinegona da nagusi. PSOE eta PP kontra daude. Beraz, Espainiako Kongresua kontra dago, ia erabat. Juan Mari Atutxa Gasteizko Legebiltzarreko presidentea gaur, hilak 14, joan da Madrilera, plana tramitatzera. Ibarretxe bera, berriz, atzo, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentearekin hitz egitera.

Ez naiz sartuko, ordea, plana ona den edo ez aztertzen. Komunikabideen arloari egingo diot so. Garai hauetan (ere) egundoko garrantzia duelako. Begiratu zer idatzi duen El Diario Vasco-ko kronista politiko Alberto Suriok (2005-01-05, DV): “Politika, pedagogia, irudia. Horiek dira Zapaterok jokoan dituenak iritzi publikoaren lehia ez galtzeko; hemen erabakiko den lehia, eta ez Madril mediatikoan; han hordagoen eta erronken artilleria astuna erabiltzen da”. Hau da, iritzi publikoa irabazi behar dutela arduradun politikoek. Eta hor komunikabideek berebiziko garrantzia dute, ikuspegi hau edo bestea ematean. Baina baita, jakina, herritarrok ere, adibidez egunkari bat edo bestea aukeratzean. Hots, azpeitiarrok ere badugula erantzukizunik garai erabakigarri honetan geure hondar-alea jartzeko, gatazkari irtenbidea eman ahal izateko.

Lehen esan dut 1970. hamarkada bukaera ere funtsezkoa izan zela. Orduan ere egunkariek paper garrantzitsua jokatu zuten. 1978an onartu zen Espainiako Konstituzioa, eta, aurrez, komunikabide Espainia-zaleek status juridiko-politiko horren alde egin zuten. Horretarako, agintari espainiarrek erreparorik ez zuten izan panorama mediatikoa Euskal Herrian euren alde jartzeko ahal zen gehien. Leitu besterik ez dago Uztarriak atera duen Euskarazko prentsa eta Azpeitia liburuan datorren pasartea (104. orrialdea): “DV: sorrera eta 1978. urtea. Espainiako bigarren Errepublikako garaian hasi zen El Diario Vasco argitaratzen, Donostian. 1934a zen, eta Joxean Elosegi historiagilearen artikulu batean aipatzen den bezala, ‘Madrilgo agintari eskuindarrek, bihurritzen hasia zen euskal lurraldeko bihotzean’ sortu zuten DV, ‘Espainia handia, bakarra eta santua zazpi zeruetara goitituko zuen matxinada faxista eraginkorra prestatzeko’. 1936ko uztailaren 18an, ‘Gaur da eguna’ esanez zabaldu zituen bere orriak. 1978a arte, ordea, ez zen oso egunkari handia izan. *La Voz de España kazeta zuen lehiakide Gipuzkoan; hain zuzen, La Voz* zen herrialdeko egunkaririk irakurriena. Baina Espainiako Gobernuari ez zitzaion askorik gustatzen eta oraingotxe sistema bera erabili zuen: Polizia bidali egunkaria ixtera; langileen artean ‘iraultzaile independentistak’ zeudelako. DVri mesede ederra egin zion itxiera hark, 30.000 aleko tiradatik 60.000kora pasatu zelako, eta publizitate guztia ere eraman zuen. Azpeitiarrak ere DVren erreinuan ‘sartu’ ziren operazio ‘demokratiko’ haren ondoren. Alegia, nolabait esanda, zilegitasuna eman ziotela ixteko erabaki hari”.

Zer defenditzen zuen —eta duen— DVk? Pasarte honetan ageri dena (Euskarazko prentsa eta Azpeitia, 104. orrialdean bertan): “ABCren anaia lehengo urretik. Correo Taldeko (gaur egun, Vocento) 19 egunkarietako bat da azpeitiarron kazeta —DV, alegia—, eta 2002ko urtarrilaren 1etik ABC egunkariaren anaia, Correok eta ABCren enpresak bat egin zutelako. Zertarako? Negozioa egiten segitzeko —ABCrekin Correo Taldeak egunkari nazionala bazuen jada—, ‘askatasun zibilei lotua, ezinbesteko zerbitzu publikoa’ emateko, eta, nola ez, Espainiaren batasuna defenditzeko. Honatx zer zioen bat egitearen berri eman zuten eguneko DVren editorialak: ‘*Todos nuestros medios se han constituido en referencia y soporte del ordenamiento constitucional, en adalides de la conciliación de la gran y rica pluralidad autonómica con la unidad de España y en leales servidores de la Corona, verdadero símbolo y depósito de los valores morales en que se funda nuestra convivencia en paz*’. (…)”.

Esan bezala, DVko kazetariak dio Madrilen “artilleria astuna” erabiltzen dutela egunkariek, “hordagoak”, “erronkak”. Horrekin, zeharka esan nahi du Euskal Herrian editatzen diren komunikabide Espainia-zaleek beste estilo bat erabiltzen dutela, finagoa, nolabait esanda. Izan ere, hauteskundeen arabera behintzat, EAEn adibidez, gehiengoa abertzalea da; eta DVren Gipuzkoan are handiagoa da aldea. Hori zaindu beharra dute. Baina, azken batean, DVren, El Correo-ren, Diario de Navarra-ren eta enparauen helburua, ABCren, El Mundo-ren eta besteen bera da: Espainiaren batasunari eustea. Eta Xabier Arzalluzek esan duen moduan, “pozoia tantaz tanta sartzen digute”. Batzuek ohartu nahi ez badute ere.

Azpeitian, informazio orokorreko egunkarien artean, DV da nagusi, egunero 1.240 ale salduz (ez bestela, Urola-Kostako Hitza-k 2.200 ale banatzen dituelako egunero). Goazen, beraz, azpeitiarrek erosten duten DVren azken zenbakiak aztertzera.

Joan den abenduaren 30ean onartu zen Ibarretxe Plana Gasteizko Legebiltzarrean, eta harrezkero DVren ildoa ez da lehen esan bezain fina izan; nabarmena izan da. Jakina, Ibarretxe Planaren kontra, etor daitekeenaren beldur, eta Espainia defendituz. Horra datu eta esaldi batzuk.

Azala. Abenduaren 31tik gaur arte gai horrekin 14tik 12 aldiz zabaldu du egunkaria, horri emanez azaleko titular nagusia. 12 aldi horietan, betiere besteek esaten dutena jarriz baina irakurleei mezu bat eman asmoz: Espainiako Gobernuak ez duela negoziatuko, Zapaterok Ibarretxeri esango diola planak ez duela aurrera egingo, plana Espainiako Kongresuak baztertu egingo duela, Espainiako erregeak esan duela Espainiako Konstituzioari eutsi egingo diotela eta honek “izpiritu integratzailea” duela… Mezua, beraz, garbia irakurleei. Barruko informazio orrialdeetan antzekoa izan da joera.

Iritzi artikuluak. Abenduaren 31tik planari eta egoera politikoari buruz 14 irtzi artikulu azaldu dira DVn Iritzia atalean: 10 Espainiaren aldekoak, 1 neutro samarra (baina Espainia aldera eginez) eta 3 planaren aldekoak.

Editorialak. DVk egurra planari, egoera berriari eta gatazkaren irtenbide justuari. Maiz. Lotsarik gabe. “Planak haustura beldurgarria” dakarrela, tramitazioa bera “pentsaezina” dela, abertzaleak “beti biktimismoa eragiten” ari direla, EAEko hurrengo hauteskundeetan panorama aldatu beharko litzatekeela iradoki die irakurleei, Ibarretxek “sinesgarritasunik ez” duela “elkarrizketa eta negoziazioa” nahi dituela dioenean, “Euskadiko bizikidetza arriskuan” dagoela, abertzaleek horrelako aldaketak nahi izatea “onartezina” dela, Zapateroren Gobernuak “aurrez aurreko oposizioa” erakutsi behar duela eta hori “logikoa eta zilegi” izango dela, Auzitegi Konstituzionalak jar dezakeen helegitea ere hala izango dela… Eta gehiago. Hau da, PSE-EEk eta PPk EAEn bi urtean ez dute proposamen bat bera ere egin Ibarretxe Planaren inguruan, eta plana onartu dutenak dira elkarrizketa eta negoziazioa ukatzen dutenak; edo Gasteizko Legebiltzarraren gehiengoak demokratikoki erabaki du beste status politiko bat behar dela, eta hauengatik dago bizikidetza arriskuan; edo DVren ustez zilegi da plana judizializatzea eta ez da zilegi gehiengoaren iritzia.

Elkarrizketak. Abenduaren 31tik gaiari buruz planaren kontrako lau elkarrizketa azaldu dira eta hiru neutro.

Besterik. Prentsari egindako gainbegiratuan (Revista de prensa atalean) euskal egunkarien editorialik edo hizpiderik batere ez dute jarri. Ia denak, Madrilgoak, abertzaleei egundoko egurra emanez. Kataluniako baten-batena ere ipini dute, neutro samarra. Eta, bestetik, abenduaren 31ko egunkarian eragileen erreakzioak zetozen planaren onarpenari buruz, eta bederatzitik sei Espainia-zale porrokatuak ziren (Covite eta horrelakoak), bat neutroa (Gesto por la Paz) eta bi egoera berriaren aldekoak (Elkarri eta Aralar).

Hori dena esatea eta egitea zilegi du, DV komunikabidea delako eta hark ere baduelako adierazpen askatasuna (Egin-ek eta Egunkaria-k zuten bezala...). Baina zer esaten duen ohartzea da ildo horren alde ez dauden DVren erosleen zereginetako bat, gero zer egiten duten jakiteko.

Gasteizko Legebiltzarrak Atutxaren bidez plana bera Madrilera tramitatzera eraman du gaur, Kongresuan martxoan-edo eztabaidatuko dute eta atzera botako dute. Beraz, plana atzera hona itzuliko da. Eta orduan beste fase bat zabal daiteke hemen. Krisi garai horretan, garrantzia ez dute eskumenek izango (gehiago edo gutxiago izateak, hobeak edo okerragoak izateak…). Gatazka politikoa eta armatua behin betiko konpontzeko oinarriak jarri beharko dira: Euskal Herria, eskubideak —denak—, elkarrizketa, kontsentsu zabala, herri kontsulta...

Ramon Jauregi PSE-EEko kideak esan du (2005-01-09, DV) gauza bat “legedia” dela eta beste bat “zilegitasuna” eta “biek aurrez aurre egiten dutenean, legediak irabazten” duela... Espainiako legediak, jakina. Hemen, baina, gizartearen % handi bat konponbide demokratikoaren oinarrien alde baldin badago, irmo eta koherentziaz jokatuz, Espainiako Estatuak krisi handia pairatuko du.

Egoera horretara iristeko, makropolitika egin beharko dute arduradun politiko denek. Eta iritzi publikoaz jabetzeko, borroka handia egongo da komunikabideetan, bai politikoek beraiek eraginda, baina baita komunikabideek eraginda ere. DV politikoki ez da, esaten den bezala, editoriala bakarrik —“eta ez dugu irakurtzen, gainera”, esaten dute DVren ildoaren kontrako abertzale DV erosleek—. Uste dut erakutsi dudala, adibide batzuekin. Baina hori baino askoz gehiago da ildoa: erreferentziak, tokiak, hizkuntza, herri ikuspegia...

Ez dut gauza berririk esan, baina komunikabideen arloan gauza berriak egiteko garaia da. Azpeititik hasita. Esan dute: “Hemen erabakiko da iritzi publikoaren lehia”. Lehengoan irakurri nuen hemengo jendeak nahiago duela herri hau hemengoek gobernatzea eta ez Madrildik. Hemengoari hemendik eman behar zaio soluzioa. Esaterako, hezkuntza sistema, propioa dugu (aldeak alde). Komunikabideena da gizarte honetako beste arlo oinarrizkoetako bat, eta, gatazkaren soluzioaren bidean, Euskal Herriaren aldekoak sortzen, eta dauden horrelakoak askoz gehiago erabiltzen eta laguntzen hasteko garaia da.

Euskaltzaleak izan behar dugu.