Umeen jaiotza koloretsuak

Urola-Kostako Hitza 2004ko abe. 29a, 12:12
Paperak, arrautzak, plastilina... era guztietako materialak erabili dituzte gaztetxoek jaiotzak egiteko. (Nerea Uranga)
  • Iraurgi ikastetxeak antolaturiko jaiotzen erakusketa honek XII. aldia du aurtengoa, eta ikastetxeko gaztetxoek egindako 48 jaiotza daude
  • Guztiak irudimena erabiliz eta eskuz eginak dira

Iraurgi ikastetxeak urtero bezala jaiotza erakusketa antolatu du Betharrametatako erakusketa aretoan. Aurtengoarekin, ikastetxeak era honetako erakusketa antolatzen duen hamabigarren aldia da. Hasiera bateko erakusketak ikasleen gurasoentzat antolatzen baziren ere, orain, herritar guztientzat ditu ateak zabalik erakusketak.

Jaiotza hauek, Iraurgi ikastetxeko LHko bigarren eta hirugarren zikloetako ikasleek eginak dira. Guztira 48 jaiotza daude ikusgai. Ikasleek jaiotza hauek egiteko baldintza bakarra dute: irudiak ezin dituzte erosi. Beraz, gazteak irudimenaz baliatzen dira kutxekin, arrautzekin, plastilinarekin edota kartoiarekin jaiotzak egiteko. Zortzi eta hamabi urte bitartekoek egindako lan hauek, urtarrilaren 4 bitartean egongo dira ikusgai, arratsaldero, 18:00etatik 20:00etara. Urtarrilaren 1ean itxita egongo da.