Udal aurrekontuetan osoko emendakina aurkeztu dute

Urola-Kostako Hitza 2004ko abe. 29a, 12:12
Habeako Aitzol Iparragiree, Dorleta Odriozola eta Miren Odriozola, 2005eko udal aurrekontuen inguruan emandako prentsaurrekoan. (Nerea Uranga)
  • Habeak ezezkoa emango die gaur, asteazkena, udalbatzarrean 2005eko udal aurrekontuei
  • "Desoreka handiak dituelako eta ez direlako partehartzaileak" ez dator bat

Gaur, 19:00etan, udalbatzarra egingo da udaletxean, eta han 2005eko udal aurrekontuak bozkatuko dira. Habea ez dator bat EAJ-EAk egindako udal aurrekontuekin "desoreka handiak dituelako eta ez direlako partehartzaileak izan", eta osotasunezko emendakina aurkeztuko du aurrekontu berriak egiteko. "Aurrekontu berriek partehartzaileak eta sozialki orekatuak izan behar dute. Parte hartzea bultzatu eta behar sozialei erantzuna bilatzea delako Habearen lehentasuna".

Habeak ez du bat egin udal aurrekontuak egiteko emandako urratsekin eta edukiarekin. Pausoen inguruan, Habeako ordezkarien ustez, "herritarren parte hartzea ez da bideratu, eta Udaleko batzordeetan eztabaidarako aukerarik ez da eman". Bestetik, oraindik ere Udalean Habeako ordezkariengan "bazterkeria politikoa edota apartheid politikoa" ematen dela diote. "Aurrekontuak egiteko orduan, aurten ere herriko %25 erabaki ahalmenik gabe utzi du EAJ-EAk apartheid politikoaren ondorioz".

Handikerian oinarritutakoak

2005erako osatutako udal aurrekontuan "handikerian oinarritutako proiektuak lehenetsi" direla diote Habeakoek eta horregatik Udalean "Azpeitiko behar sozialei erantzuteko inbertsioak urria izaten jarraitzen" duela. "Aurreko urteetako ereduaren jarraipena dira datorren urterako aurrekontuak. Aurten ere, Azpeitia Donostia txikia bihurtzearen eredua jarraitzen da".