Aldundiak biribilgune berrian 2,7 milioi euro inbertitu ditu

Urola-Kostako Hitza 2004ko abe. 23a, 12:12
Lanak bukatuta horrela gelditu da biribilgune berria

Sanjuandegiko biribilgune berria egiten iaz hasi ziren, maiatzean, eta aurten bukatu dute, abenduaren 17an

Bukatu dira Azpeitiko saihesbidean egindako Sanjuandegirako biribilgune berriko obrak. Aldundiko bide azpiegituretako departamentuak obrak egiteko 2,7 milioi euro inbertitu ditu. Udalak, berriz, lanek hartzen zituzten lur sailen erabilgarritasuna kudeatu zuen, eta kostuaren %50a finantzatu du.

Udalaren eta Aldundiaren erabakiz hasi ziren biribilgunea egiteko obrak, 2003ko maiatzean, eta aurten abenduaren 17an bukatu zituen lanak Altuna Uria SA enpresak.

Zubi berria

Zaharra bota eta berria egin da. Urola ibaiaren gaineko zubi berriak bi habe eta ibaiaren erdian pilare bat du. Aldundiko Bide Azpiegituretako departamentuaren esanetan, «ubidearen hormak sendotu dira». Jarri diren hormigoizko habeak eta xaflak aurrefabrikatutakoak dira. Habeen hutsunetan ur hornidura, telefonoko hariak, argindar kanalizazioak eta antzekoak jarri dituzte.

Espaloia. Zubiko espaloiak zabalera desberdina du eta ibai aldera barandak jarri dira.

Biribilgunea

Zatiak. Biribilguneko zatirik handiena zubi berriaren gainean dago. Erdiko diskoak 30 metroko diametroa du, 8 metro zabal den zirkulazio eraztuna, 4 metroko bi errei, bide adarretan irleta triangular txikiak eta barruko zirkuluan landareak daude.

Pasabideak

Luzatu. Sanjuandegi eta Jose Artetxe arteko GI-631 errepidearen azpian dagoen oinezkoentzako pasabidea lau metro luzatu da.

Berria. Bi biribilguneen arteko bidearen azpian. 4,20 metroko zabalera du eta 16 metro luze da. «Malda txikia du, indarrean dagoen araudiak ezarritakoa errespetatuz». Argiak eta alboko barandak jarri dira.

Errepidea zabaltzea

Lau errei. «GI-631 errepidean neurtutako zirkulazio intentsitateen ondorioz, erabaki zen bidezati bat (Sanjuandegiko biribilgune berriaren eta Auzarazokoaren artekoa) bi erreietatik lau erreietara zabaltzea, biribilgune bakoitzeko sarbidean sor daitezkeen auto ilarek beste biribilguneko zirkulazioa ez geldiarazteko». Bide zati horretan argiak berritu dira.

www.urola-kostakohitza.info