Uztarriak 2004an "pauso handiak" eman ditu erakundea eraginkorragoa bihurtzeko

uztarria 2004ko abe. 19a, 12:12
  • Atzo(larunbata) egin zuen bazkideen urteko batzar nagusia, eta ontzat jo zen egin dena
  • ‘Urola-Kostako Hitza’ sortu du, weba eta aldizkaria eraberritu, hiru liburu atera, Kulturaldia antolatu, euskara ekimenak, Hitzeko enpresa sortu…

Esan bezala, atzo (larunbata, abenduak 18) egin zuen Uztarria Kultur Koordinadorak bazkideen urteko batzarra, Aitonena I aretoan. 40 bat bazkide azaldu ziren, eta denek ere ontzat jo dute 2004an egin dena.

Aurten "erakunde eraginkorragoa" bihurtzea zen Uztarriaren helburua, "eta herrian proiektu estrategikoak" sortzea. Uztarriako zuzendaritzak esan du helburu horiek bete direla, eta "pauso handiak" eman direla 2004an erakundea eraginkorragoa bihurtzeko.

Komunikazioa

Komunikazio arloan, Uztarriak —beste bazkide batzuekin batera— Urola-Kostako Hitza egunkaria sortu du aurten, Uztarriaren aldizkaria eta webgunea eraberritu, Udalarekin Komunikazio hitzarmena egin du, eta iazko batzarretik hiru liburu argitaratu ditu.

Euskara

Euskara arloari dagokionez, Uztarriak hor ere Udalarekin hitzarmena sinatu zuen martxoan, baina arazo batzuk sortu dira eta Uztarriak proposatu duen akordio berriaz hitz egin dute batzarrean. Urtean zehar antolatu diren hitzaldien inguruan eta ahalbidetu diren zerbitzuen inguruan ere hitz egin dute.

Kultura

Eta kulturan, III. Kulturaldia eta herriko taldeekin lortutako harremanak izan dira mintzagai, besteak beste.

Besterik

Horiez gain, urte hasieran Uztarriak sortu zuen Hitzeko Komunikazio eta Euskara Zerbitzuak enpresak eginiko lana azaldu da.

Datorren urtean, 2005ean, koordinadora eta honen proiektuak sendotu nahi ditu Uztarriak.

Hona hemen Uztarriak aurkeztu zuen txostena(rtf) , xehetuta (datu ekonomikoak batzarrean zehaztu ditu, bazkideen aurrean).