Ramon Etxezarreta: "Presoen sakabanaketa, estrategia okerra da"

Uztarria 2004ko abe. 17a, 12:12
  • PSE-EEko kidearen ustez, "espetxe politika aldatu" egin behar da
  • "Denbora aurrera joan denean deskuido handiagoa ematen du", esan du gaur, Euskadi Irratian

Ramon Etxezarreta PSE-EEko kideak gaur Euskadi Irratian esan duenez —ostiralero hartzen du parte politikarien arteko tertulian— berari pertsonalki euskal presoen sakabanaketa “betidanik” iruditu izan zaio "estrategia okerra”, eta "denbora aurrera joan denean deskuido handiagoa ematen du". Beraz, urrestildarraren ustez, “desiragarria litzateke kartzela politikan aldaketa ematea eta presoekiko politika aldatzea. Ezinbestekoa da. Nolabait, elkarren artean egon daitezkeen zauriak arindu egin behar dira, eta keinu esanguratsuak egin behar dira, politika egiteko modu bakarra elkarrizketa dela herritar guztioi jakinarazteko".

Joan den abenduaren 2an Berria egunkarian ere aldaketa hori eskatu zuen Etxezarretak. “Ez dakit trukerik beharrezko izango den baina elkarri egin behar genizkioke adostasun oinarrizko baten nahiaren desioak. Ez naiz ni aurrenekoa, espetxe politika berria eta Batasunaren legez kanpo uztea aztertu beharreko gaiak direla aldarrikatzen duena”.

Euskal preso politikoen sakabanaketa 1980 hamarkada bukaeran hasi zen, PSOEk bultzatuta, Espainiako Gobernuan zela. EAJren babesa eduki zuen orduan.

Ramon Etxezarreta 1994an afiliatu zen alderdi sozialistan (“Ramon Jauregik hauteskunde autonomikoak galdu eta hurrengo egunean, eta ez irabazi eta hurrengo egunean”), eta bederatzi urte daramatza Donostiako Udalean zinegotzi PSE-EEtik. 1979-1983 eta 1983-1987 legegintzaldietan Azpeitiko Udalean zinegotzi izan zen Euskadiko Ezkerrako (EE) ordezkari bezala.