Haur masaje ikastaroa antolatu dute 0-1 bitarteko umeen gurasoentzat

uztarria 2004ko abe. 16a, 18:12
  • Urtarrilaren 15ean hasita larunbatero emango dira bost astez
  • "Haur masajea teknika goxo eta atsegina da, eta ukimenaren bitartez haurraren gorputza eta emozioen munduarekin bat egitea ahalbidetzen du", diote antolatzaileek, Ikasberri Ikastolakoek

Ikasberri Azpeitiko Ikastolak antolatuta 0-1 urte bitarteko haurrak dituzten gurasoentzat haur masaje ikastaroa hasiko da urtarrilaren 15ean. Bost astez emango dira ikastaroak (otsailaren 12a arte) eta bi orduko saioak izango dira.

Iaz antolatu zuten lehen aldiz, eta arrakasta izan zuen. Parte hartu zuten gurasoek egindako balorazioen artean erantzun onak jaso zituzten antolatzaileek esan dutenez: “ Alabarekin gozatzeko beste bide zoragarri bat”, “lasaitasuna”, “komunikazio eta harreman era berri bat”, “aita eta semearen arteko lotura, oso sakona”, erreflexiorako eta hitz egiteko tarte bat”, “haurrak hobeto ezagutzeko aukera” eskaintzen dutela aipatu zuten balorazioetan.

Ikastaroan, aita-ama bakoitzak bere haurrari masajea ematen ikasiko du. Irakaslea Nerea Mendizabal izango da, psikopedagogian lizentziatua eta haur masajeko hezitzailea.

"Haur masajea teknika goxo eta atsegina da, eta ukimenaren bitartez haurraren gorputza eta emozioen munduarekin bat egitea ahalbidetzen du modu sakonean. Begiraden, irribarreen, kontaktuaren, hitzen eta jokoaren bidez komunikatzearen artea da, eta hain berezia den haur bakoitzarengana hurbiltzen du", diote antolatzaileek.

Ikastaroa

Ikastaroan gurasoek beren haurrei masajea emango diete, irakasleak panpina baten bidez gorputz atal bakoitzaren teknikak pausoz pauso adierazten dituen bitartean. Ikastaroaren saio bakoitzean masajearen filosofia eta historiari buruz ere arituko da irakaslea: guraso eta haurrentzat dituen onurak, masajea emateko unerik egokienak zeintzuk diren nola bereiztu ikasi eta masajea haurren adinari egokitzen nola asmatu.

Gurasoentzat interesgarriak diren gaiei buruz hitz egiteko ere tarte bat egongo da: elikadura, loa, motrizitatea, negarra, etab. Gai hauek partehartzaile bakoitzari emango zaion liburuxkako artikuluen bidez landuko dira. Ikastaroa 8-10 bitarteko talde txikietan izango da eta, guraso bat edo biek hartu dezakete parte.

Saioak larunbatetan izango dira bi ordutegitan: 9:30etik 11:30era eta 11:30etik 13:30era. Egun hauen zenbatekoa 70 eurokoa da (50 euro Ikasberri Ikastolako guraso direnentzat). Izena emateko 943 15 12 46 edo 605706986 telefonoetara dei daiteke, edo zuzenean Ikasberri Azpeitiko Ikastolako idazkaritzara azaldu. Azken eguna urtarrilaren 13a, osteguna da.