Mikel Labaka: "Sekula ez naiz itsutu gora iristeko, eta horrek asko lagundu dit"

uztarria 2004ko abe. 10a, 17:12
  • "Berria" egunkariak elkarrizketatu du azpeitiarra
  • Partidak jokatzen ari da eta momentu pozgarriak bizi ditu; horretaz eta Realaren egoeraz aritu da

Mikel Labaka Realeko futbolariari asko kosta zitzaion Lehen Mailara igotzea. Igo eta gero ere pazientziaz eutsi behar izan dio debutari. Behin jokatu duenean, ordea, ez da gelditu; ez zelaian, ez eta komunikabideetan ere. Oraingoan Berria egunkariak egin dio elkarrizketa.

Jokatzen hasi baino bi aste lehenago Amorrortuk Labakari "lasai egoteko, eta ordura arte bezala jarraitzeko lanean" esan omen zion eta hori gustatu zitzaion bere entranatzailearengandik azpeitiarrari. Zer esan zizun Amorrortuk zure lehen partida aurretik? galderari erantzun zion horrela. "Lehen partidaren egunean esan zidana baino gehiago, aurretik ere nirekin izan duen jarrera nabarmenduko nuke; nahiz eta ez jokatu, berak ez dauka inolako arazorik hitz egiteko".

"Ez naiz itxaropena galdu zalea, azken finean itxaropena galtzen baduzu dena galtzen duzulako". Hala dio inoiz bere burua Lehen Mailatik urrun ikusi al duen galdetzean. "Beti eduki izan dut garbi oso zaila izango zela gora iristea, eta uste dut lagundu nauela, batez ere sekula ez itsutzeak", esanaz jarraitu du erantzunean.

Taldeko giroa ona dela dio eta taldean euskaldun gehiago egoteak "harremanak gehiago sendotzeko" balio duela dio, "baina hala ere atzerritarrekin ez dago inongo arazorik".

Sailkapenari begira dena estu dagoela-eta orain artean bezala jarraitu behar dutela dio Labakak "edo hobeto, ahal bada"; ez dagoela "lasaitzeko" betarik. Eta datorren astebukaerako partidari buruz "zaila" izango den arren zerbait lortzeko esperantza badu: "Gauzak behar bezala egiten baditugu, uste dut lanak emango dizkiegula, eta zerbait atera ahal izango dugula".

Hona hemen elkarrizketa