'Ondo egiten al dugu euskaraz?' da gai nagusia Uztarria aldizkariaren azken zenbakian

uztarria 2004ko abe. 3a, 19:12

Xebastian Lizasori eginiko elkarrizketa, herritik kanpora beste zerbaiten bila atera diren azpeitiarrak, presoei hankak berotzeko galtzerdiak egiten dizkien amona... Horien eta gehiagoren berri ematen da aldizkarian

Uztarria aldizkariaren 57. zenbakia ere sortu da. Euskarari eman zaio garrantzia azkeneko honetan: Azpeitia herri euskalduna izanik erabilera egokia ote den aztertu dute Aitor Arana eta Jose Luis Otamendi idazleek eta Aitor Arruti eta Arantzazu Azpillaga euskal filologoek. Eta Euskal Herrian Euskaraz taldearen 25. urteurrena aprobetxatuz, Azpeitiko taldeko kide izan zen Joxe Mari Galarraga eta gaur egun kide den Izaro Alkorta solasean aritu dira.

Bertsolaritzan 30 urte bete dituen Xebastian Lizasori elkarrizketa egin zaio. Ez daki noiz arte jarraituko duen bertsolaritzan baina 60 urterekin ez omen du bere burua bertsotan ikusten.

Bestetik, bada Enkarna Uzkudun izeneko amona, presoei galtzerdiak egiten dizkiena. Egin eta bidali. Horrela, Azpeitiko presoek, batik bat, eta beste batzuek hankak bero mantentzeko aukera dute. Erreportai baten bidez Enkarna Uzkudunek duen afizioaren berri ematen da.

Landu den beste gaietako bat, bi azpeitiarrek Euskal Herritik urrun bizi izan dituzten esperientziak dira. Luis Etxaniz, Perun eta Eneritz Oiarzabal Hego Ameriketan izan dira denboraldi batez "beste zerbaiten bila" joanda.

Eta beste lan asko irakurri eta ikusteko aukera izango da aldizkarian. Hala, Klik atalean Lakrikun antzerki taldearen berri ematen da antzerkia nola prestatzen duten ikusiz; frankismoko ikurrek herrian jarraitzen dutela... Hau guztia webgune honetan ere ikus ahal izango duzu.