Herritarron eskaera bete

Euskal Herrian Euskaraz 2004ko aza. 29a, 19:11

Ez da kasualitatea herritarrok euskaldunon hizkuntz eskubideen kontrako beste jazarpen bat salatu behar izatea

Ez da kasualitatea Euskal Herrian Euskaraz erakundeak aurten 25 urte bete dituenarekin batera, herritarrok euskaldunon hizkuntz eskubideen kontrako beste jazarpen bat salatu behar izatea. Ez da kasualitatea, Azpeitia bezalako herri euskaldun batean ere, 500etik gora herritarrek euren kezka azaldu eta eskaera bat egitea hainbat erantzuleri, konponbidea bilatu ahal izateko oinarria jartzen hastea, alegia.

Izan ere, Euskal herritarron, euskaldunon oinarrizko eskubideetako bat hizkuntza eskubidea den heinean, egunerokoa da hizkuntza zapalkuntza. Euskara, modu normalizatu batean erabilia ez den bide beretik baitugu urratua hizkuntza eskubidea.

Eta Euskal Herrian Azpeitiko egoera baino kaskarragoak aurki ahal izango ditugun arren, geurea, azpeitiarrona ere ez da poztekoa, euskara Euskal Herriko txoko guztietan ofiziala ez den bitartean hori izango baita geure hizkuntzaren eta euskaldunon egoera.

Gauzak horrela, Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz erakundeak orain urte batzuk, herritar gehiengoak hainbat aldiz euskarazko hizketa baztertu eta erdarara jo behar izaten dugun gunea identifikatu zuen eta horri begirako dinamika martxan jarri.

Azpeitiko anbulategiaz ari gara.

Azpeitiko anbulategian, denok dakigun bezala, sarrerako pertsonalaren gehiengoak euskaraz hartzen bagaitu ere, gero, medikuaren kontsultan gauzak ez dira berdin. Euskaldunok ezin izaten dugu komunikatu euskaraz eta hori oso larritzat jotzen dugu. Harik eta larriagoa da egoera, haurrek ere euren ama-hizkuntzan mintzatzerik ez dutenean, eta arrazoi hori medio, medikuarenera joateak suposatzen duen karga, hainbatetan bikoizten denena.

Azpeitiko anbulategian, bi pediatra ditugu, eta bietako inor ez da gai euskaraz komunikatzeko. Egoera horren aurrean gaurdaino ez da konponbiderik inondik ere mahairatu, ez guk dakigula behintzat, eta normalitate osoz asumitua da gaztelera hitz egin behar izatea euren kontsultan.

Mediku horiek, Mediku profesional onak diren edo ez, eztabaida hori ez da EHErena, euren profesionaltasuna baloratzea ez da gure betebeharra, baina bai euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzea. Hala ere, gauza bat azpimarratu nahi dugu kalitatearen inguruan, euskarazko komunikazioak ere bermatzen duela kalitatea. Mediku profesionalak direla euskaldunak ere, eta bide batez ondoko galdera bota nahi dugu: zeure medikuarekin euskara mintzatzea baino kalitate haundiagoko zerbitzurik ba al da?

Lehen esan bezala, eta hausnarketa hori burututa, EHE datorren ikasturterako dinamika bat martxan jartzea doa eta bide horretatik dator, iaz bildu genituen herritarren eskaerak. Eskaera hori ondoko honetan datza:

Euskal Herriari ezarri zaion zatiketa administratiboa dela eta euskarak egoera juridiko asko bizi ditu. Eta berezko hizkuntza dela eta euskaldunon hizkuntza komunitatearen partaide gisa hainbat eskubide aitortzen zaizkigula adierazi nahi dugu. Horregatik guztiagatik honako eskaera egiten dugu:

  • Administrazioak, nire hizkuntza eskubideak berma ditzan beharrezkoak diren neurriek hartzea.
  • Anbulategian Eusko Jaurlaritzak kontratatu behar dituen langile guztiak euskaldunak izatea.
  • Egun lanean ari diren langileak euskalduntzea. Azpeitiari dagokionez, zehazki euskaraz ez dakiten bi pediatrak.
  • Osasun zerbitzua euskaraz izateko eta euskara administrazio honen lan hizkuntza bilakatzeko normalizazio plangintza eraginkorra abian jartzea.
  • Neurri horien bidez euskararen benetako ofizialtasuna ahalbideratzea
  • Azpeitiko anbulategian eskaera honi irtenbidea ematea.
  1. sinaduratik gora bildu genituen iaz eta aurten gehiago biltzekoak bagara ere, hemen aurrean dituzuen sinadura hauek denak, erantzuleei bidaltzekoak garela jakinarazi nahi dizuegu. Eusko Jaurlaritzara bidaliko ditugu, herri honetako nahia betetzea eskatuz Anbulategira bertara ere, bertakoek ere eskuetan izan ditzaten eta elkarlanean bideak jar daitezen konponbiderako, eta baita Udalera ere, Datorren hilaren 2an egingo den Udalbatzarrean eskaera honen gaineko posizioa argitzea eskatuko baitiogu Udalari.

Badakigu bidea luzea izango dela, baina badakigu ere, herritarrok elkarrekin lortu ahal dugula, hainbeste urtean urratutako geure oinarrizko eskubidea, geure euskara. Egin gogor euskaraz bizitzea bermatu arte Euskal Herriko txoko guztietan.