Mikel Labaka: "Sei partida jokatu ditudalako ez dut lan egiteko modua aldatuko"

uztarria | Kirolak
2004ko aza. 16a, 17:11

  • 'Gara'-n egindako elkarrizketan, dena "gehiegi puzten" dela dio
  • "Gajaterekin eta Gorrizekin konparaketak egitea lekuz kanpo dago", dio Labakak

Gaur, asteartea, Gara egunkariak Mikel Labaka Realeko jokalariari elkarrizketa egin dio. Azken asteetan Realak izan duen berririk onena Labakak erakutsitako maila izan dela dio Gara-k. Futbolaren alderdi gozoa (hiru partida jarraian irabazi) eta gazia (hiru galdu jarraian) ezagutu ditu azpeitiarrak jokatu dituen sei partidetan. Holako sarrera egin dio egunkariak elkarrizketari.

Realeko jubeniletan eta Reala Bn zebilela, Labakak garbi omen zuen lehen taldera iristea zaila izango zela, baina ez omen zen itsutu helburu horrekin. Itxaropena beti gorde izan duela adierazi du erantzunetako batean. Bestetik, Zuhaitz Gurrutxaga taldekide ohiarekin konparaketak ez dituela egin nahi dio. Ezta Agustin Gajaterekin eta Alberto Gorrizekin ere, bi horiek "Realak izan dituen atzelaririk onenetarikoak izan direlako eta lekuz kanpokoa delako halakorik egitea".

Ez daki zentralen eztabaidari amaiera eman dion. Momentuz, prentsa mailan alde batera utzi dela aitortzen du eta horrek "mesede" egiten diela atzelari guztiei, baina eztabaidak "egun batetik bestera" hasten eta amaitzen direla adierazten du.

Igor Jauregik eta Brechet-ek min hartu ez balute, ez dakiela zer gertatuko zen esaten badu ere, berak entrenamentuetan "berdin" jarraituko lukeela eta entrenatzaileari jokatzeko gai dela erakusten saiatuko litzatekeela dio. Jokatzen ari den bitartean, berriz, taldekideengandik gertuago sentitu eta konfiantza handiagoa irabazten dela aitortzen du, baina oraindik goiz dela Espainiako Lehen Mailari neurria hartu ahal izateko.

Futbolaren inguruan "dena puztu egiten da, gehiegi eta dena". "Irabazten dugunean aurrerapauso bat da, baina ez behin betikoa, eta galtzen denean ere ez".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu