Zeuk ere lagundu 'Hitza'

Uztarria 2004ko aza. 11a, 11:11
  • 'Urola-Kostako Hitza'-k irakurleen artean diru bilketa kanpaina hasi du
  • Uztarriaren ustez, azpeitiar euskaltzale denok ere atera behar dugu aurrera eskualdeko egunkaria

Urola-Kostako Hitza-k irakurleen artean diru bilketa kanpaina hasi duela eta, Uztarria Kultur Koordinadorak bere bazkideei eta harpidedunei berripapera bidali die, kanpaina horri buruz informazioa eta iritzia emanez (Hitza-ko bazkideetakoa da Uztarria):

—Herritarrok ere diruz lagundu behar dugu Urola-Kostako euskarazko egunkaria.

—Hitza-k 140.000 euro bildu nahi ditu irakurleon aldetik; aurrekontuaren %25.

—Egunkariak irakurleon artean kanpaina hasi berri du: urte osorako 50 euro.

—Uztarria: "Orain Hitza sendotu behar dugu azpeitiar euskaltzale guztiok" (horrek eskualdeko euskarazko komunikabideen sarea lasaiago antolatzen lagunduko digu).

Zergatik lagundu behar du norberak?

—Guk ere zerbait aportatzeko. Geuk nahi izan dugu Urola-Kostako Hitza jasotzea, geuk eman dugu izena egunkaria etxean bertan jasotzeko. 2004ko otsailaren 20tik ari zaigu Hitza etxera iristen, eta orain gure ordua da: geuk ere zerbait aportatu egin behar dugu.

—Euskaldunon egunkaria delako, gu ere hitzakideak garelako. Hitza-k dagoeneko 7.000 ale banatzen ditu Urola-Kostan. Horietatik 2.200 Azpeitian. Geuk, euskaldunok, egin dugu euskarazko egunkari hau erreferente informatibo eskualdean. Gu ere bertako kide gara. Horra hor, beraz, Hitza-ri laguntzeko beste arrazoi bat.

—Euskararentzat oso garrantzitsua delako. Haurrek, gaztetxoek, gazteek, helduek, aiton-amonek... denek irakurtzen dute Hitza egunkaria. Haietako asko orain hasi dira euskaraz egunero lehen aldiz irakurtzen. Egundoko garrantzia dauka horrek.

Besterik

—Hitza laster jarriko da harremanetan Azpeitiko irakurleekin. Hurrengo astetik aurrera. Telefonoz.

—Hitza-tik gutun bat iritsi bazaizu zure telefonoa eskatuz (ez dugulako), mesedez deitu kartan jartzen duen telefono zenbakira: 943 30 43 46ra.

—Herritarrok ez ezik, Azpeitiko Udalak ere diruz lagundu beharra du. Horrela eskatua du herriko gehiengo sozialak ere