Mendiko argazki rallya igandean da

Urola-Kostako Hitza 2004ko aza. 3a, 18:11
  • Goiatz eta Beizama arteko ibilbidean egingo da eta izena igandean Goiazko plazan eman behar da 09:00etan
  • Sei gai landuko ditutze parte-hartzaileek; gehienak naturaren ingurukoak

Azpeitiko Argazki Elkartearen eta Lagun Onak Mendi Bazkunaren artean antolatzen den argazki rallya igandean egingo da, azaroaren 7an. Goiatz-Beizama-Goiatz izango da Mendiko IX. Argazki Rallyko edota XV. Udazkeneko Argazki Rallya den lehiaketa honen gaia.

Rallyan parte hartzeko izen-ematea igandean bertan izango da irteera gunean, hau da, Goiazko plazan, Dendale jatetxean, 09:00etatik 10:00ak bitartean. Bukaera ere toki berean izango da 14:30ean. Izena emateko hamar euro ordaindu behar dira eta 16 urtez beherako gaztetxoek bost euro. Prezio honetan 36ko diapositiba karretea eta Beizaman hamaiketakoa sartzen dira. Gero, ibilbidearen amaieran Goiatzen bazkaldu nahi dutenek izena eman beharko dute irteeran.

Ibilbidean zehar argazkiak ateratzeko sei gai jarriko dituzte antolatzaileek, «gehienak mendiari eta naturari lotutakoak izango dira eta Rallyaren hasieran jakinaraziko dira, ibilbide orria eta beste zenbait argibiderekin batera».

Sari asko

Sari ugari banatuko dira lehian parte hartzaileen artean. Helduen mailan, lehen saria 180 euro eta garaikurra izango da, bigarrena 150 euro eta garaikurra eta hirugarrena 120 euro eta garaikurra. Herriko lehen sailkatuak, 90 euro eta garaikurra jasoko ditu eta argazki onena ateratzen duenak garaikurraz gainera 60 euro. Hamasei urtetik beherako gaztetxoen artean hiru sari banatuko dira: lehen saria garaikurra eta 30 euroko erosketa txartela, bigarrena garaikurra eta 20 euroko erosketa txartela eta hirugarrena, garaikurra eta 15 euroko erosketa txartela dira.

Rallyan ateratako diapositibak aukeratu eta azaroaren 25erako Azpeitiko Argazki Elkartera bidali beharko dira (Julian Elorza Hiribidea 4, behea. Azpeitia).