Jendetzak salatu du Azpeitiko gazteen aurkako epaiketa

Urola-Kostako Hitza 2004ko aza. 2a, 18:11
Jendetza handia bildu zen larunbateko manifestazioan (Ion Aranburu)
  • Manifestazio jendetsua egin zen larunbatean; bihar (asteazkena) hasiko da epaiketa
  • Herriko 40 eragile inguruk babestu zuten

Azpeitan Gazteok Zer?! taldeak deituta manifestazio jendetsua egin zen herriko kaleetan barrena, azaroaren 3an eta 4an herriko bederatzi gaztek duten epaiketa salatzeko. Manifestazioak herriko 40 eragile ingururen babesa jaso zuen: ELA eta LAB sindikatua, Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz eta Lakrikun antzerki taldea, besteak beste.

Manifestazioa isilik ibili zen herriko kaleetan barrena, baina saihesbidera iritsi zirenean, Ertzaintzak manifestazioa gelditu zuen, pankarta bat zela eta. Ertzain batek tiro bat airera bota zuen arren, manifestazioak aurrera jarraitu zuen eta amaiera plazan eman zitzaion, bertan herriko bederatzi gazte horiek duten egoera gogorarazi zuten: "Gazte hauei guztira 27 urteko gartzela zigorra eta 2.520 euroko isuna ezarri nahi diete". Horrez gain, egun Udalak eurekin izan duen jarrera ere salatu nahi izan dute: "Hautetsi berriak lanean hasi zirenean, jarrera aldaketa baten ustea zabaldu zen herrian. Baina jarrerak berdina izaten jarraitzen du. Bederatzi gazte hauen egoeraren aurrean, udala isilik dago".

Larunbateko manifestazioaren ostean irakurri zuten komunikatuan esan zutenez, "epaiketa hau guztia muntaia da Jose Mari Bastida, lehengo alkateak, beste bi zinegotzirekin batera diseinatutakoa. Orduan EAJ alderdikoek gentuza taliban bezala identifikatu gintuzten, eta gazte lokalaren eskaria guztiz politizatu zuten. Baina egun herritarrek badakite hau guztia muntaia bat dela". Gazte lokala lortu arte lanean jarraituko dutela esan dute. "Kartzela arriskuan egon arren, guk herrian gazte lokala izan arte lanean jarraituko dugu, gure asialdia antolatu nahi dugulako".

Azpeitan Gazteok Zer?! eta Udala elkarrizketetan ari dira gazte lokalaren inguruan. Baina taldekoek atzo esan zutenez, "azkeneko hiru hilabetean ez da aurrerapausurik eman. Udalekoek beti esaten dute elkarrizketetan jarraitzea nahi dutela, baina gure ustez, elkarrizketa horiek berriro hasi beharko dute, jarraitu ahal izateko".