Herri eraikuntzarako zutabea

Urola-Kostako Hitza 2004ko aza. 1a, 14:11
  • Azpeitian azkeneko mendean, eta batik bat azkenaldian, lan asko egin da euskarazko prentsaren alde; Uztarriak liburua egin du horretaz
  • 'Urola-Kostako Hitza'-k liburuari buruz erreportaia egin du

Iñaki Goenagak 99 urte ditu eta bera izango da euskaraz prentsan idatzi zuen lehen azpeitiarretakoa. Aspaldiko lotura dago, beraz, euskarazko prentsaren eta Azpeitiaren artean, eta Uztarria Kultur Koordinadorak larunbatean liburua aurkeztu zuen horretaz: Euskarazko prentsa eta Azpeitia (Uztarriaren zazpigarren liburua da). "Filosofia ikasten ari nintzela, ia-ia neuk bakarrik egiten nuen Jesus-en Biotzaren Deya aldizkaria". 1917an sortu zen aldizkari hura. Espainiako gerra zibilaren lekuko izan zen gero, eta gudako kronikak egiten zituen, Euzkadi egunkarian. Asko idatzi zuen Goenagak, eta idazteko zeukan gaiaren arabera izen ugari erabili zuen: Ormaetxe, Sistiya, *Oñatz-Mendi, Niso*...

Beste azpeitiar batzuek ere idazten zuten euskaraz orduan. 1923ko San Inazio egunean Urola aldizkariaren 1. zenbakia argitaratu zuten, eskualdeko aldizkaria zen —batik bat, Azpeitiko berri zekarren—, orrialde bat euskaraz zegoen zenbaki hartan, eta euskaraz idazteko eskubidea aldarrikatu zuen Euzkaldun Sendagilea izenean sinatu zuen batek, Euzkerarako zaletazuna artikuluan: "¿Badaukagu ezkubiderik aldizkingi o’retarako o’ri edo ingietan ezkatzeko tokitxo labu’r bat, bazta’rtxo bat, euzkeraz azaltzeko euzkerarentzako zaletazuna? Baietz uzte degu, eta beragaz ja’rduntxo bat guaz gure izkuntza biotzeko onetan, geure amak mintzatu edo itz egin zigun euzkera onetan egitera".

Garai hartan euskaraz idatzi zuten, era berean, Iñaki Azpiazuk, Ildefonso Gurrutxagak, Jose Artetxek, Karmelo Etxegaraik, Julian Elorzak... Euskaltzaleak-en, Zeruko Argia-n —hemen Jose Artetxek ehun artikulutik gora—, Gure Herria-n...

Loiola Irratiaren ekarpena

Frankismoaren garaian (1939-1975) geldialdia egon zen euskarazko prentsan, ez baitzen erraza sasoi hura. 1961ean Loiola Herri Irratia sortu zen, eta garrantzitsua izan zen euskararentzat. Han ziren Imanol Elias, Karmelo Otaegi, Joxe Mari Iriondo... azpeitiarrak. "Euskara normalizatzeko saiakera egin nahi zen, baserritarrentzat, kaletarrentzat euskara normal erabil zitekeela adierazteko. Eta nik uste dut Loiola Irratiak lortu duen gauzarik onena hori izan dela", dio Iriondok. Komunikabideetan ere izan zuen eraginik euskararen erabilerari dagokionez.

Imanol Eliasek berak, adibidez, 1968tik aurrera argitaratu zituen lanak prentsan. Zeruko Argia-n hasi zen, Gaiztoa ezizenarekin, euskaraz, Mundu biribilla izenburuko atalean. "Egunkarietan atentzioa ematen zidaten berriak hartzen nituen eta horien inguruko komentarioak eginez, ondoren berriarekin lotutako olerki bat eransten nion azpian". 1993a arte idatzi zuen prentsan —2000tik Uztarria aldizkarian idazten du, hilero—. "Lehenengotik uste dut erdaraz soilik egiten hasi nintzela, baina gero euskaraz ere pusketak jartzen hasi nintzen, eta dena argitaratzen zidatenez, ba segitu. Behin zuloa harrapatutakoan... Ni euskara idatzia neure kasa ikasita nengoen, eta euskara batuaren aldaketa etorri zenean kostatu egin zitzaidan".

Pako Aristi ere jo eta ke hasi zen prentsan euskaraz idazten, 1982an, 19 urterekin, Kazetaritzako bigarren urtea egiten ari zela.

Sortzen ere bai

Kazetari gisa artikuluak idazteaz gain, euskarazko komunikabideen sortzaile izatera ere pasatu ziren herritarrak. 1983-1987 legealdi hasieran, Imanol Elias bera alkate zela, Udalak Azpeitian zer? udal aldizkaria sortu zuen; oraindik segitzen du. 1979tik 1987ra bitartean Ramon Etxezarreta EEko zinegotzia ere saiatu zen euskarazko prentsaren alde. "Euskarazko aldizkari bat sortu genuen, Herri Hotsa, egunkari formatoan, Udaleko aurrekontuak-eta azalduz. Ez zidaten utzi bigarrena ateratzen".

1986an, Egin-en enpresak Hemen sortu zuen, eta Joxean Agirre izan zen koordinatzailea. "Erdi egunkari, erdi astekari bat zen. Helburua, entrenamendu moduko bat egitea zen, gero euskarazko egunkaria sortzeko, baina ondoren beste leku batetik sortu zen Egunkaria", dio Agirrek.

Hala da, Argia astekariaren inguruko lan taldetik sortu zelako Euskaldunon Egunkaria. Haien artean zen azpeitiar bat, kazetari: Joxe Luis Aizpuru. 1990eko uztailaren 15ean atera zuten zero zenbakia.

Geroztik azpeitiar asko pasatu ziren Egunkaria-tik. Espainiako Estatuak egunkaria itxi zuenean, adibidez, 13 herritar zeuden lanean han. Uztarria aldizkarian 2003ko martxoan iritzi artikulu labur bat idatzi zuten 13 haiek: "Itxi egin digute Egunkaria. Baina Egunero atera dugu. Eta Egunero ixten badigute, euskarazko beste egunkari bat aterako dugu. Ez dio inporta izenak, izanak baizik. Eta Egunkaria-ren izan horrek ematen dio min Espainiako Estatuari. Euskal Herriaren burujabetzarako ezinbesteko tresna delako euskarazko prentsa". Mezua eta jarrera, garbiak.

Uztarria Azpeitiko herri aldizkaria, hain zuzen, 1999ko azaroan sortu zen. Uztarria Kultur Koordinadora, ordea, lehenago jaio zen: 1998ko martxoan. "Uztarria koordinadora bera sortu aurretik hainbat bilera egin genituen herriko euskara eta kultur arloetakook —esaten du Enekoitz Esnaolak—, eta akordatzen naiz lehen bilera hasi eta segituan nola esan zuen batek Azkoitian bazutela ordurako herri aldizkaria —Maxixatzen— eta Azpeitian zergatik ez genuen. Jakina, behar hori bazegoen, baina nahiago izan genuen sakontzea, arazo nagusiak zein ziren ikustea, eta gero ematea eman beharreko pausoak. Besteak beste, nola egituratu Azpeitiko euskara eta kultur mugimendua, zein ardatzi heldu eta zer proiekturekin abiatu". Hiru ardatz jarri zituen Uztarriak: euskara, kultura eta komunikazioa. Azken ardatz horren emaitzak izan ziren Uztarria herri aldizkaria 1999an eta www.uztarria.com 2002ko urtarrilean, besteak beste.

Egunerokoa herrian

2002an bertan pauso garrantzitsua eman zuen Uztarriak, web orrialdea sortzeaz eta aldizkaria eraberritzeaz aparte, Urola-Kostan egunkari bat sortzeko lehen bilerak egin zituelako eskualdeko beste euskara elkarteekin eta Egunkaria-rekin. Helburuak bi, batik bat: "Kalitateko produktu erreferentziala" sortzea eta euskararen normalizazioan "eraginkorra" izatea. 2004ko otsailean sortu zuten: Urola-Kostako Hitza.

Euskarazko prentsa eta Azpeitia liburuan irakur daitekeenez, Uztarriak esparru "estrategikotzat" hartu izan du beti komunikabideena, eta euskarazkoetan "apustuak" egin behar direla esan izan du. "Alde egotetik alde egitera pasatu behar gara". Pako Aristik 2003ko otsailaren 26an Egunero-n idatzi zuena, bestela: "Ostiralean harritu egin nintzen benetan: egunkari berri eta probisionalak 50.000 ale saldu zituen. Lur eta zur, galdetu nion neure buruari: non egon dira irakurle horiek guztiak hamabi urteotan? Ze, Egunkaria-k 13.000 ale inguru saltzen zituen azken boladan, eta aurreko urteetan gutxiago. Ez al zekiten existitzen zenik? Ba ez, ez zekiten. (…) Egunero 50.000 ale salduko lituzkeen Egunkaria-k ez luke etorkizunaren beldurrik, ez subentzio faltaren ikararik". Azpeitiarrez ere ari zen jakina, Azpeitia ez baita, arlo horretan, salbuespena. Xabier Euzkitzek ere kontatzen du antzekorik liburuan: "Jon Sarasuak Azpeitiko Kiroldegian bota zuen duela urte mordoska bat: "(...) Zuen artean zer gertatzen den mila aldiz dut ikusi / Egunkaria txalotu eta El Diario Vasco erosi".