Uztarriak 1.000 bazkide baditu dagoeneko

Uztarria 2004ko urr. 29a, 20:10
  • Herenegun heldu zen kopuru horretara; une hauetan 1.004 bazkide ditu
  • Uztarria "oso gustura" dago, "herritarren babes handiagatik. Orain Hitza lagundu behar dugu denok diruz"

Orain dela bost urte sortu zuen Uztarria Kultur Koordinadorak Uztarria herri aldizkaria, 1999ko azaroan. Koordinadora herriko zenbait taldek eratu zuten, 1998ko martxoan, eta hiru ardatz finkatu: komunikazioa, euskara eta kultura.

Aldizkaria izan zen komunikazio arloko emaitza bat, eta herritarrak bazkide egiten hasi ziren. Bost urte pasatu dira eta Uztarriak 1.004 bazkide ditu dagoeneko; herenegun heldu zen 1.000.era. Bitxikeria gisa, lehen bazkidea Jose Antonio Esnaola da eta milagarrena Itziar Elias. Kopurua beti joan da hazten: 1999ko abenduan 66 bazkide zituen, bi urte beranduago 510 izatera iritsi zen, orain 1.004.

Uztarria "oso gustura" dago horrekin. "Mila bazkidetik gora ditugu eta ez da nolanahiko kopurua. Herritarrek Uztarriaren proiektua babesten duten seinale da".

Dena dela, Uztarriak dio Urola-Kostako Hitza ere lagundu beharra dagoela: "Laster Hitza diruz laguntzeko herritarren babesa eskatuko da, eta Uztarriako bazkideak eta beste herritarrak Hitza-ri laguntza ematera animatu nahi ditugu. Denok lagundu behar dugu diruz Hitza".

Bazkidetzaren bilakaera

—1999ko abendua: 66 bazkide.

—2000ko otsaila: 292.

—2000ko urria: 386.

—2001eko abendua: 510.

—2002ko abendua: 608.

—2003ko abendua: 690.

—2004ko maiatza: 824.

—2004ko urriak 29: 1.004.