Azpeitiko kirol instalazioen eskeintzekin gustura daude bazkideak

uztarria 2004ko urr. 26a, 18:10
  • Bazkideei eginiko galdeketen eta antolaturiko talde dinamiken bidez iritsi dira ondoriora
  • Bazkideen %10-ak erantzun ditu galderak

Azpeitiko Udal Kirol Patronatoak herritarrak herriko kirol instalazioek duten eskaintzekin gustura dagoen jakiteko lanak hasi zituen. Jendearengana iritsi ahal izateko, bazkide diren guztiei gutun bat bidali zieten galdera sortekin. Bestalde, instalazioetara sarri joaten direnekin talde dinamikak egin zituzten.

Udal Kirol Patronatoak adierazi duenez, "zerbitzuekiko balorazio positiboa" egin dute. Hala ere hobetu beharreko gauzak ere ba omen dira. Galderak bazkideen %10-k erantzun ditu.

Balorazio positiboen artean honako hauek azaldu dira aditzera eman dutenez:

  • Bazkideen gehiengoa igerilekuko eta kiroldegiko instalazioekin gustora dago.
  • Garbitasuna egokia dela uste dute.
  • Nahiko klase ordu eskaintzen direla eta klase horietako monitoreak beren lanean onak direla diote.

Hobetu beharrekotan, berriz:

  • Muskulazioaren eta kardiobaskularraren gelak txiki gelditu dira eta bertako kirol makinak zaharkituak.
  • Ordutegia zabaltzeko proposamena ere egin dute bazkideek, baina horren truke ez daude gehiago ordaintzeko prest.

Udal Kirol Patronatuak eskerrak eman nahi dizkie galdeketan nahiz talde dinamiketan parte-hartu duten guztiei, eta aurrerantzean ere bazkideen nahiei eta beharrei erantzuten jarraituko dutela esan.