Hazparne, zerbitzugune dinamikoa

Berria 2004ko urr. 19a, 18:10

Azpeitiarekin senidetuta dago Hazparne herria; 'Berria'-k Hazparne eskualdeari buruz egin du erreportaia

Hirugarren sektoreak gero eta indar handiagoa du, baina kezka batzuk ere badira

Azken urteetan Hazparne eta inguruko herriak eraldatzen ari dira. Badu jadanik urte andana bat Hazparnek zapatagintza sektorearen krisialdiaren ondorioak pairatu zituela. Lapurdi ipar ekialdeko herri hau, historikoki, zapatagintza industriari lotua izan da. Gaur egun arras bertzelako ezaugarriak ditu. Industria handi gutxi aurki daiteke. Enpresen gehiengo handia hamar langiletik beherakoa da eta zati handi bat bere gain ari diren langileek osatzen dute. Horrek egiten du eskualdearen indarra, baina kezka batzuk ere bai.

Populazioaren hazkundea ez da dinamikaren seinale. 1982tik 1999ra bitartean, Hazparne eskualdeko populazioa igo da. %4,5eko igoerak ez du erran nahi bertako jendea kanpora joaten ez denik. Berezko hazkuntza apaldu da. Hazparneko herriak eskualdetik kanpoko jendearen etorrerari esker hazi dira demografikoki. Bazter guztietan eraikitzen diren etxe berriak dira horren seinale.

Baina etxe berrien eraikuntzak ez du erran nahi Hazparne aldean lur bat erosi dutenek zonalde horretan lan egiten dutelako erosi dutela lurra. Kostaldeko lurren prezioak garesti dira eta bizileku merkeagoa lortzekotz, barnealdera joan behar da. Gaur egun, eskualde horretan bizi diren langileen gehiengoak eskualdetik kanpo egiten du lan. 1990tik 1999ra bitartean, eskualdean bertan lan egiten zutenen eta eskualdetik ateratzen zirenen arteko tartea alderantzizkoa zen. Langileen gehiengoa eskualdean gelditzen zen lan egiteko. Orain tendentzia erabat uzkali da. Jendea kostaldera doa lanera eta Hazparneko eskualdea bizileku soil bihurtzen ari da eta gero eta gazte gutxiago dago.

Hala ere, enplegu kopuruak gora egin du. 1990tik 1999ra bitartean %7,8ko hazkundea izan da. Ipar Euskal Herriko bataz bestea %8koa da. Hala ere, 100 biztanleko 29 enplegu baizik ez zeuden 1999an. Ipar Euskal Herrian kopuru hori 37,7koa zen.

Mikroenpresak

Hazparne eskualdean 594 enpresa zeuden 2003an. Enpresen %94ek hamar langile baino gutxiago dituzte. Eta enpresen %57k ez dauka langile soldatadunik. Horrek erran nahi du enpresen gehiengoa bere gain ari diren ofiziale, saltzaile edota laborariek osatzen dutela. 50 langile baino gehiago dituzten enpresak bost baizik ez dira. Azken urteetako bilakaerak langile bat eta bederatzi bitarteko enpresen gorakada erakutsi du eta beren gain ari direnen beherakada. Hori laborantzaren gibelatzeak azaltzen du, hein handi batez.

Hala ere lan sektoreak Ipar Euskal Herrian baino orekatuagoak dira, nahiz eta zonalderaen hegoaldea laborantzari zuzendua zaion eta iparraldea zerbitzuei eta industriari. Langileen %21 laborantzan ari da, Ipar Euskal Herrian %7 direlarik. Industriako bataz bestekoa ere handiagoa da, eskualde horretako langileen ia laurdena sektore horretan ari baita (%15 Ipar Euskal Herrian). Gauza bera eraikuntzaren aldetik, langileen %10 ari da sektore horretan. Merkantzia eta zerbitzuetako langile kopurua %9koa eta %37koa da hurrenez hurren. Ipar Euskal Herriko enpleguen %57 ari da zerbitzuetan.

Nahiz eta Hazparne eskualdeko ekonomia bertze eskualde batzuetakoa baino produktiboagoa den, zerbitzuen eragina gero eta handiagoa da. Bizileku ekonomia baten adierazle da eta dinamika moteltzearen seinale. 1.000 langile ari ziren zerbitzuetan, 1990ean. 1999an 1.313 ziren. Bederatzi urtez, zerbitzuek betetzen zuten zatia %30etik %37ra hazi da.

Zerbitzuetako atal garrantzitsuena zerbitzu publikoena da. Bederatzi urtez gaitzeko jauzia egin da, langile kopuruaren aldetik, 488tik 820ra pasatu baita. Gaur egun sektore horretako langileen %62 zerbitzu publikoan ari da. Enpresentzako zerbitzuen atala ere anitz garatu da.

Industriak pisu nahiko handia dauka Hazparnen, bereziki elikadura industrian. 832 enplegu daude industrian eta horietatik 292 elikadura industrian. Atal horretako oinarri nagusia Lekuineko Boncolac enpresari zor zaio, 190 langile dituelako. Txokolate esne ekoizle horrez gain, Onetik eta Agour gasnategiak ere badaude. Bi sektore horiek dira industrian enplegu kopuruaren igotzea ezagutu dutenak. Industriako bertze sektoreetan enplegua galdu da.

Galera laborantzan

Laborantza da langile gehien galdu duen sektorea. 1988tik 2000ra etxaldeen %16 galdu dira, 852tik 717ra jaitsiz. Horri loturik, etxaldeak handitzen ari dira, lur eremuen aldetik. Laborantza gehiena ardi hazkuntzara dedikatua da eta bertze zati handi bat behi hazkuntzara.

Bilakaera horrek bizileku ekonomia baten antza hartuko du, Ipar Euskal Herriko bertze zonalde anitzek bezala. Zerbitzuen ekonomia eta ekonomia produktiboaren arteko oreka ezak eskualdearen bizitasuna bera ezar dezake zalantzan zenbait urtera. Lurralde antolaketan urratsen beharra nabari da enpresarien ustez. Beskoitzek eta Bastidak aktibitate zonaldeak sortu dituzte eta sortu orduko bete dira. Baina oraindik borondate politiko gutxi sendi da enpresak herrira erakartzeko.

Aldatu, enpresen mintegia

Hazparne eskualdeak badu bere mintegia. 1998tik hona Aldatu elkarteak enpresak sortzen eta laguntzen ditu. Eskualdeko udalek, enpresek, irakaskuntza zentroek, bankuek, merkataritza ganberak eta ofizialeen ganberak osatzen dute. Partaide guztiek elkarteari denbora eta jakintza eskaintzen diete.

Elkarteak egoitzak baditu Hazparnen, ikastetxe teknikotik hurbil. Enpresa proiektu batekin datozenak laguntzen ditu proiektua aurrera eramaten. Lehen fase batean, lau hilabetez laguntzen dituzte gogoetatzen, ikastaroak eskaintzen eta abar. Lau hilabete horien ondotik enpresa sortzen da. Sortze hori ere laguntzen dute. Enpresa berriei Aldaturen egoitzan egoteko aukera eskaintzen diete. Bi urtez prezio apaleko alokairua eskaintzen diete eta bertze hainbat baliabide. Ondoko bi urteetan alokairua eta baliabideak merkatuko prezioetara hurbiltzen dizkiete. Lau urteak iragan ondoan, enpresak nahiko sendoak dira beren bidea jarraitzeko eta egoitza bertze nonbait hartzeko. Urtez urte gero eta enpresa gehiago laguntzen ditu Aldatuk.

Eneko Bidegain