Plenoko gertaerak direla-eta AGZ?!-ren agiria

Azpeitian Gazteok Zer?! 2004ko urr. 15a, 18:10
  • Herriko 9 gazte epaituak izango dira azaroaren 3an eta 4ean, eta Udalari mozioa eskatu zien AGZ?!-k
  • "Mozioa ez tratatzeko" erabakia adierazi zitzaien, eta horren harira honako iritzia eman dute
"Gertaerak

"Gertaerak

Azaroaren 3an eta 4an izango da herriko 9 gazteren aurkako epaiketa, non bakoitzari bosna urteko kartzela zigorra eta milaka eurotako isunak eskatzen zaizkien. Egoera honen aurrean hilabete honetarako hainbat ekimen antolatu ditugu, tartean Udalean sarturiko mozio bat. Ostegunean eztabaidatzekoa zen mozioa ez tratatzeko erabakia hartu zuela adierazi zien alkateak astelehenean auziperatu batzuei, inongo arrazoi zehatzetan sartu gabe. Honen aurrean hainbat gazte hurbildu ginen osteguneko plenora, bertan gaia trata zedila eskatuz. Alkatearen erantzuna gaia ez tratatzeko erabakia hartua zegoela eta plenoak aurrera jarraitu behar zuela izan zen. Gazteok arrazoiak eskatzen jarraitu genuen eta momentu batean alkateak udaltzainak ekarri zituen batzar aretoa desalojatu asmoz. Eztabaidak jarraitu egin zuen eta alkateak plenoa bertan behera uztea erabaki zuen. Azkenean istilurik gabe denok batzar aretotik aatera ginen. Aipagarria da zinegotzi guztiak isil-isilik egon zirela eta alkatea izan zela hitz egin zuen bakarra.

Alkatearen esaldi batzuk:

  • Gai ordena nik erabakitzen dut eta kitto.
  • "Hasi aretoa desalojatzen", udaltzainei emandako agindua.
  • Ez dugu eztabaidatuko hala erabaki dudalako.
  • Udalak ezin du mozio hau onartu, beraz, ez da eztabaidatuko.

Azpeitian Gazteok Zer?!en iritzia:

Gure aldetik argi utzi nahi dugu gure asmoa ez dela inondik udaleko funtzionamendua oztopatzea. Guk eskatzen dugun bakarra herriko arazo hau Udalean eztabaidatzea da. Argi dugu herriko arazo honen aurrean Udalak jarrera bat hartu behar duela, eta ezin duela ezer gertatu ez balitz bezala gai hau eztabaidatzeari uko egin eta ahalik eta isilena pasatzen saiatu. Atzoko gertaerak tamalgarriak izan zirela salatu nahi dugu; nahiago izan zuen pleno osoa bertan behera utzi, herriko arazo bat eztabaidatu baino. Bestalde, esanguratsua iruditzen zaigu PP-ko zinegotziak zutiturik eta paperak galduta alkatearen alde egin zuen defentsa sutsua.

Udal honetako zinegotzi batzuk eta PNVk eta EAk garai hartan egindako adierazpenek eragin nabarmena izan dute prozesu judizialal hartu duen norabidean, eta orduan egindako akatsak zuzendu beharrean nahiago dute dena isilean pasatzea. Udalak bi bide ditu, gazteak babestu eta muntai honetan bere desadostasuna agertzea, bere Udal gobernuko kide batzuei bizkarra emanez edo gazteei bizkarra ematea eta muntai guzti honekin bat egitea. Ez dadila saiatu hirugarren sasi-bide batekin jarrerarik hartu gabe aurrera egiten.

Gure aldetik eztabaidaren eta elkarrizketaren aldeko apostua egiten dugu herrian dauden arazoak konpontzeko bide onena delakoan.

Besterik gabe dei egiten dugu aurrerantzean epaiketa honen aurka egingo diren ekimenetan parte hartzera".

AGZ?!