Aurten ere jende ugari ibili da estali gabeko igerilekuan

Uztarria.eus 2004ko ira. 20a, 13:09
  • Guztira 42.194 bisita izan ditu ekainetik iraila bitartean
  • Zazpi egunetan 1.000 lagunetik gora bildu ditu

Estali gabeko igerilekuak irailaren 15ean itxi zituen ateak hurrengo urtera arte. Aurten 42.194 bisitari izan ditu. Beraz, 40.000-tik gora mantendu da beste behin ere (iaz 48.235) eta Udal Kirol Patronatoak dioenez "jende kopuru handia" da.

Lau urte pasa dira igerilekua zabaldu zutenetik eta Udal Kirol Patronatoak jasotako datuak ikusi eta gero "jendeak erabili duela eta gustura dagoela bere funtzionamenduekin" ondorioztatu du. Gehienak, 34.488 (%82), bazkideak izan dira eta gainontzeko 7.706-ak (%18) bazkide ez direnak.

Iaz baino %12,5 bisita gutxiago izan ditu. "Aurtengo denboraldian ez dugu iazko berorik jasan eta hondartzak ere garbiak zeuden. Horren ondorioz, jende gutxiago izan dugu baina hala ere 7 egunetan 1000 pertsonatik gorako eralbipenak izan ditugu", diote. Azpeitiarrak ez direnek ere erabiltzen dutela azpimarratzen dute: "kanpotik jende asko etortzen da gure instalaziora eta oso irudi ona eman dute".

Jarraian aurtengo denboraldian jasotako datuak erakutsiko dira:

  • Kanpoko igerilekua 93 egunez egon da zabalik.
  • Guztira 42.194 bisita izan ditu. Bataz beste eguneko 454 lagun.
  • Ekainetik irailera bitartean uztaila izan da jende gehien bildu duena: 15.676 lagun. Ondoren, abuztua (13.044), gero ekaina (9.089) eta azkenik iraila (4.385).
  • Jende gehien izan den eguna, uztailak 28-a izan da: 1.204 lagun. Gutxien, aldiz, uztailak 5-a: 4 lagun.
  • Zazpi egunetan 1.000 lagunetik gora izan ditu.
  • Uraren tenperatura uztailaren 12-an 19º-koa zen eta abuztuaren 1-ean 27º-koa. Bataz beste 23º izan da uraren tenperatura.