Irailaren 23tik 26ra Triku Festa antolatu dute musikazaleek

Urola-Kostako Hitza 2004ko ira. 13a, 17:09
  • Herriko eta kanpoko 19 musika talderen kontzertuak izango dira plazan jarritako karpan
  • Urtean behin, inguruko musikazaleen eta taldeen topagune izan nahi du ekimenak

IV. Triku Festa egingo da aurten, irailaren 23tik 26era artean; tarte horretan 19 musika emanaldi izango dira. Era askotako musika zaleentzako aukera zabalduko da: 60, 70 eta 80 hamarkadako abestien moldaketak, pop-a, Punk-a, Oi!, Ska, rock-a, trikitia, musika elektronikoa, teknoa, trance-a, Post-rocka, txalaparta... Musika desberdinak definitzeko ahopean erabiltzen diren hitz ia gehienek izango dute lekua aurten antolatu den festan. "Triku Festa antolatzen hasi ginenean, gutxienez urtean behin musikazale eta taldeen artean topagune izango zen festa egitea zen helburua", dio Jon Alberdi Urrestillako lokaletako kideak.

Urrestillako lokaletako kideak antolatu dute, eta musikari gehienak Urrestillan eta Zubi Zarren egoitza dutenak izango dira, batzuk urteetan musika jotzen ari direnak eta beste batzuk hasiberriak.

Herritik kanpoko taldeak

Baina Azpeititik kanpoko taldeak ere izango dira Triku Festan: Hell Beer Boys Beasaingo taldea eta Urrestillako lokaletan bere bi CDak grabatu dituena. Markina inguruko Aterkings taldea aurten bigarren urtez izango da Triku Festan, antolatzaileen esanetan "zuzeneko izugarria" du. Boogie Punkers, Bilbo ingurukoa da 50. hamarkadako rock and rolla punk izpirituaz jorratzen dute. Eta, Durangotik etorrita Yakuzi taldea entzungai izango da; Ibai lehorretan itota CDa kaleratu dute aurten eta Bartzelonako Primavera Sound jaialdian ere jo dute.

"Triku Festan kanpoko talde asko ez da izaten, antolatzen ari garenon artean ateratzen diren proposamenetatik ateratzen direnak ekartzen dira. Baina, webgunea egiteko asmoa dugu eta era horretan festa Azpeititik kanpo sona hartzen joango dela uste dugu", dio Alberdik. Hala ere, taldeak ekartzeko orduan aurrekontuaren muga hor dutela diote: "Udalak diruz laguntzen digu Triku Festa antolatzeko, geuk zertxobait aurreratuta ere badugu eta horrekin moldatu behar izaten dugu".

Tabernak eta karpa

Aurten, plazan, karpa jarriko dute, agertokia eta taberna txiki batekin. "Plazan, bestetan, kontzertuetarako jartzen den agertokia altuegia da eta giro hotza izaten da. Karpan, eszenario txiki bat, bajuagoa, eta barra jarriko ditugu, erakargarriago egiteko". Gehienen kontzertuak karpan izango dira, baina tabernetan — Korralen eta Oñatzen— ere joko dute batzuek.

Kontzertuak

Irailak 23, osteguna

  • 21:00. Os Gallardos. Korrale tabernan.
  • 22:00. Estruktura. Korrale tabernan.

Irailak 24, ostirala

  • 21:00. Semeputiek (Azpeitia). Plazan, karpan.
  • 22:00. Apunta (Azpeitia-Azkoitia). Oñatz tabernan.
  • 23:00. Hell Beer Boys (Beasain). Plazan, karpan.
  • 00:00. Destitxie (Azpeitia). Oñatz tabernan.
  • 01:00. Retrasau Mentalak. Karpan.

Irailak 25, larunbata

  • 12:00. Saioa eta Alabier trikitilariak. Kalean.
  • 14:00. Bazkaria.
  • 16:00. Nazkau Ez (Azpeitia). Karpan.
  • 17:00. Dzart (Azpeitia). Karpan.
  • 18:30. Korrosion Zerebral (Azpeitia eta Azkoitia). Plazan, karpan.
  • 19:30. Patadazo (Azpeitia). Karpan.
  • 23:00. Aterkings (Markina). Karpan.
  • 00:30. Boogie Punkers (Bilbo). Karpan.
  • 02:00. DJ Ulea (Azpeitiarra). Karpan.
  • 03:00. DJ Zendo (Azpeitiarra). Karpan.

Irailak 26, igandea

  • 12:00. Txalapartariak. Herriko kale desberdinetan.
  • 19:00. T taldea (Azpeitia eta Azkoitia). Karpan.
  • 20:30. Yakuzi (Durango). Karpan.