Amaia Errasti: "Saria, urte guztiko lanaren emaitza da"

Urola-Kostako Hitza 2004ko ira. 10a, 13:09
  • Ordiziako gazta lehiaketa irabazi eta oraindik sinestu ezinda dago Amaia Errasti gaztagilea

Atzo pozik zegoen Amaia Errasti, zazpi artzainek osatzen duten Azpeitiko Ardi Gazta Kooperatibako Izarraitz gaztaren gaztagilea eta arduraduna. Ordiziako gazta lehiaketan irabazle izan dira, kooperatiban egindako gazta onena izan da.

Ordizian irabazle, baina aurretik ere makina bat lehiaketa irabazi dituzue.

Ardi Gazta Kooperatibako gaztak lehiketetara eramaten hasi ginenetik dezente sari jaso ditugu, baina Euskal Herritik kanpo Espainian-eta oihartzun handiena duen txapelketa Ordiziakoa da; ondoren egiten den gaztaren enkanteak ere entzutetsu egin du Ordiziako lehiaketa. Irabazleak izan ginela jakin nuenean poz handia hartu nuen, baina iaz Gipuzkoako Gazta Txapelketa irabazi genuenean ere berdin poztu nintzen.

Noiz egindako gazta izan da irabazlea?

Urtarrilaren 15ean egindakoa zen. Ederki dakit hori, buruan sartuta gelditu zait. Tanda berdinean egindako beste 90 gazta ditugu, irabazlea izan denaren anaiak eta dagoeneko jendea eskean ari zait gordetzeko esaten, Madrildik eta dena deitu digute. Gazta anaien kiloa 50 eurotan salduko dugu. Aurretik ordea, gazta irabazlearen anaiak direla dioen ziurtagiria jarri behar diegu. Zumitz elkartean gaude eta han ematen diete gaztei etiketa. Ordiziako lehiaketan aurkeztu genuena orain hiru hilabete etiketa berdearekin sailkatu zuten.

Horrelako saria jasotzeak zer suposatzen du?

Poz handia da, gaur (atzo) oraindik buelta ezin emanda nago. Egindako lan guztia baloratzen dizuete; urte guztiko lanaren emaitza da. Azken finean, artzainen lana da oinarria, kooperatiba osatzen duten artzainek esne onik ez badute ekartzen nik ezin dut miraririk egin gazta onak ateratzeko. Sari bat jasotzen denean, burura etortzen dena zenbat lan egin duzun da . Esan nien gainontzeko artzainei, hemendik denok pasatu beharko genukeela, txandaka, denok egiten baitugu lan.

Ardi Gazta Kooperatiba osatzen duzuenok ospatzeko asmorik ba al duzue?

Ez dugu ezer egiteko asmorik. Denok poztu gara, eta horrelako sari batek lanean jarraitzeko gogoa ematen du, egiten ari garena ondo eginda dagoenaren seinale da. Baina meritu handiena artzainek dute. lan honek ez dauka ordurik, lana baino gehiago bizimodua da.