Herriko errotonda handiena

Josu Azpillaga 2004ko ira. 10a, 13:09

Oporretatik bueltan, berriro gelditu naiz herri erdian egiten ari diren errotondatzarrari begira. Biribil ederra geldituko da, geldituko denez! Egin beharreko obra, egin beharrik ez daudenak saihesteko, batez ere.

Baina badut zalantza eta kezka txiki bat: zer ipiniko dute errotonda horren erdian?

Kezka tontoa irudituko zaizue agian, baina herri erdi-erdian geldituko da, eta jende askok askotan ikusiko du errotonda hori. Neuk, adibidez. Eta ez nuke aspertu nahi segituan.

Eta, hutsik ez dugu utziko. Ze hutsa inkomodoa da. Fijatu, adibidez, gure herriko plazetan: bakar bat ere ez dago hutsik; bateko kioskoak, besteko kulunpioak, kotxeak edo jardinak... plaza hutsik ez, espazio hutsik ez. Alegia, plazik ez. Ba errotondekin berdin: loreekin, eskultura txikiekin, farolekin, lauburuekin edo edozerekin, baina bete egin behar dira. Zerbait ipiniko dute hor ere. Ondo.

Zer, ordea?

Azkoitiar idazle bati irakurri nion, paradoxa polita zela hutsa aztertzen bizitza pasa zuen Oteizaren eskulturak herriko enparantza hutsak betetzeko erabiltzea. Guk ez daukagu enparantza hutsik; guk ez daukagu Oteizarik. Baina, laster, errotonda handi bat bai, huts-hutsik. Eta Oteiza ez, baina anaia ezagutzen dugu.

Horregatik daukat kezka hori. Agian Landetako errotondaren antzera beteko dugulako; edo Urrestillako eskultore ekologikoek beste zerbait egingo dutelako. Bai, ez dira errotonda betetze lan txarrak. Gustatu ere, uste dut, bere neurrian gustatzen zaizkidala, baina oso aseptikoak dira, inpertsonalak, hotzak. Eta nik zerbait bereziagoa nahiko nuke herriko errotonda handienarentzat.

Horregatik, kezkarekin batera, proposamena: antola dezagun lehiaketa bat, eta ea nork betetzen duen egokien errotonda hori. Eskultura lehiaketa bat, alegia. Zarautzen malekoia janzteko ez al zuten antzeko bat egin?

Ba horixe da nire proposamena.

Ideia batzuk bururatzen zaizkit niri:

  • Praktikoena, seguraski: Zestuko txatarrerira joan eta txikitutako kotxe bat hartu, eta hortxe jarri. Jendea kotxean kontuz ibiltzeko. Eta eskultura batekin aspertzen garenean, erraza izango da beste bat bilatzea.
  • Enparantza nagusiko kioskoa jarri hantxe. Total, lehen ere ohitua dago errotondarena egiten. Eta, behingoz, enparantza huts bat izango genuke!
  • Ibai gainean dagoela aprobetxatuz, urarekin zerbait. Amaran garai batean zenaren antzeko zerbait.
  • Metalezko plaka erraldoi bat, erdi-erdian zulo batekin. Garmendi-gain aldetik zatozela, zulotik Xoxoteko Inazio ikusteko moduan.

Ez, serio: ideia politak edukiko ditu jendeak, seguru. Eta zerbait diferentea irten daiteke, eztabaida sortuko da. Beste aukerak baino entretenigarriagoa izango da, behintzat; eta sortzaileek estimatuko dute, nik uste. Izen berriak ikasi genitzazke.

Bestela, beste nolabait beteko dugu hutsa. Ikusiko duzue.