Urtebete eta bost urte bitarteko haurren masaje ikastaroa antolatu da

Ikasberri Azpeitiko Ikastola 2004ko ira. 8a, 20:09
Gurasoek haurrei masajeak ematen ikasteko aukera izango dute.
  • Bat eta bost urteko haurren gurasoentzat natolatu da haur masaje ikastaroa
  • Ikastaroa irailaren 21ean hasiko da, eta izena irailaren 17rako eman behar da Ikasberrin

Ikasberri Azpeitiko Ikastolak antolatuta 1 eta 5 urte bitarteko haurrak dituzten gurasoentzat haur masaje ikastaroa izango da irailaren 21etik aurrera. Sei astetan zehar izango da ikastaro hau, astero bi orduko saio bat eginez. Ikastaroan, aita-ama bakoitzak bere haurrari masajea ematen ikasiko du. Irakaslea Nerea Mendizabal izango da, psikopedagogian lizentziatua eta haur masajeko hezitzailea.

Haur masajea teknika goxo eta atsegina da, eta ukimenaren bitartez haurraren gorputza eta emozioen munduarekin bat egitea ahalbidetzen du modu sakonean. Begiraden, irribarreen, kontaktuaren, hitzen eta jokoaren bidez komunikatzearen artea da, eta hain berezia den haur bakoitzarengana hurbiltzen du.

Saio bakoitzean painolu, luma, kontxa eta abarren bitartez proposamen ezberdinak eginez haurrari masaje zuzenago batera sartzen lagunduko zaio. Masaje mota honetan (zuzenagoa, azala azalarekin) intuiziozko eta sormenezko masajea bultzatuko da, eta baita masaje zuzenduagoa ere, ume jaio berrien ikastaroan landutako pausoekin. Ikastaro honetan pauso hauek ikasteko aukera ere izango da.

Elkarrizketarako unea ere izango da. Gorputzeko atal desberdinetako masaje teknika ikasiko da, eta partehartzaileei banatuko zaien liburuxkako irakurgaiak erabiliaz zenbait gairen inguruan hitz egiteko aukera izango da: ukimenaren garrantzia, haurren sexualitatea, kasketaldiak/agresibitatea (masajea emozioak ustutzeko eta haurraren sekretuak elkarbanatzeko bide bezala), anai-arreben arteko jeloskortasuna edo zeloak eta masajea, sormenezko masaje baterako proposamenak...

Ikastaroan guraso bat edo biek har dezakete parte, eta 6-7 ume bitarteko talde txikietan izango da. Irailaren 21ean hasi eta urriaren 26ra arte, asteartero 17:00etatik 19:00etara. Ikastaroa 75€ kostatuko da eta 60€ ikastolako guraso direnentzat. Izena emateko 943 15 12 46 telefonora dei daiteke, edo zuzenean Ikasberri Azpeitiko Ikastolako idazkaritzara azaldu. Azken eguna urriaren 17a, ostirala da.