Ordiziako lehiaketan Azpeitian egindako gazta onena

Uztarria.eus 2004ko ira. 8a, 17:09
  • Ordiziako ferian Azpeitiko Ardi Gazta Kooperatiban egindako gazta izan da txapelduna
  • Gazta txapeldunaren erdia 12.100 euroan erosi du enkantean Patxi Erretegiak

Ordiziako ferian, gaur, irailak 8, Azpeitiko Ardi Gazta kooperatiban egindako gazta izan da txapelduna. Ardi Gazta kooperatiban zazpi artzainen ardien esnearekin egiten dira gaztak. Pozik zen Amaia Errasti, kooperatiban gazta egiten jarduten duena: "Gaur neu ez naiz joan Ordiziara, nire aita (Anjel Errasti) joan da txapelketara eta irabazi egin dugula eta deitu egin didate. Oraindik ezin asimilatuta nago. Pozik gaude, ez baikenuen espero. Oraintxe bertan (15:00ak aldera) Ordiziara bidean noa, bazkaltzeko gonbita jaso baitugu".

Txapelketa eta gero egiten den enkantean 12.100 eurotan saldu da gazta erdia; Patxi Erretegiak erosi du. Aurten ere errekorra egin da.

Egun gutxitan bi sari garrantzitsu jaso ditu Ardi Gazta Kooperatibak, igandean Legazpian Gipuzkoako Ardi Gazta txapelketa irabazi zuen eta gaur, berriz, Ordizian.