Mecotik eskerrak furgoneten gidariei

Maider Egiguren (Alcala Mecon diren emakume preso politikoekin batera) 2004ko ira. 6a, 12:09
  • Gara egunkarira gutuna bidali dute Alcala Meco-ko espetxean diren Euskal Herritar emakumeek. Sinaduren artean Maider Egiguren-ena dago

Goizeko bederatzietako bisitarako prestatzen ari naiz. Lasai nago, nire aitatxo dator furgonetan. Ezin du gidatu eta, furgonetari esker, bakarrik ere, lasai etor daiteke.

Hamaika eta erdietan beste kide batek aurrez aurrekoa du senideekin. Bere senideek ez dute auto egokirik halako bidaia baterako, eta furgonetan datoz gurasoak eta neba.

Hamabietako bisitako beste kide baten herriko bi lagun datoz. Ikasleak dira, eta zailtasunak dituzte halako bidaia bat ordaintzeko. Furgonetei esker, 2 hilabetean behin jaitsi ahal dira.

Eta halako hamaika adibide gertatzen dira astebururo. Gure bisita eta aurrez aurrekoak posible egiten dituzte Euskal Herritik espetxeraino datozen furgonetek eta, nola ez, horiek ekartzen dituzten gidari boluntarioek, eurek bisitarik izan ez arren, beste hamaika senide eta lagunen bisitak bermatuz.

Gure lasaitasunez, bisita orduan hor egotea besterik ez zaigu gelditzen. Kartzelaraino ekarri eta bidaian lo egin ahal izan dutenaren patxadarekin itxoiten diegu.

Gure herriak badu esperientziarik etsaiaren harresiak borrokaz eta elkartasunez gainditzen, dispertsioaren eguneroko ondorioak ere praktikoki gainditzen, eta hau horren adibide garbia dugu.

Euskal Herriarekiko gure loturen soka luzatu eta guganainoko korapiloa ahalbideratzen duzuen furgonetetako gidariei bihotzez eskerrak eman nahi genizkizueke.

Saioa Alzua, Amaia Arrieta, Saioa Azpilikueta, Simone Begiristain, Ainara Calvo, Arritxu De Andres, Maider Egiguren, Ziortza Fernandez, Ainara Frade, Agurtzane Izartza, Aiala Manrike, Aitziber Perez, Atxarte Salvador - Alcala- Meco Emakumeak espetxeko euskal preso politikoak