Xabier Saldias: "Plazarik zailena Azpeitia da"

Berria, Ramon Olasagasti (2004-08-31) 2004ko ira. 2a, 12:09
  • Bizitza erdia baino gehiago darama Xabier Saldiasek musika munduan, erromerian.
  • Duela 34 urte sortu zuten Egan taldearen ibilbidean, arrakasta erabatekoa, banaketa eta garai berrietara egokitu beharra ezagutu ditu
  • Berria egunkariak elkarrizketa egin dio

Etxe azpiko kafetegian elkartu ginen, Donostian. Ia 25 urte dira Azpeititik hiriburura mudatu zela. Jai zuen egun horretan, baina abuztuko egun gehienetan ibili da hara eta hona, musika lanbide hartuta.

Rockero zaharrekin bezala gertatzen alda berbenero zaharrekin?

Asko galdetzen didate: "Zergatik ez haiz erretiratzen?". Baina zertarako erretiratu behar dut jendea ni entzuteko prest dagoen artean? Mundu honetan gazteak bakarrik ez daude,helduak eta umeak ere badaude, gure kantuak gustuko dituztenak. Hau ofizio bat da. Beti punta-puntan ibili gabe, bigarren mailan ere ari liteke. Gainera, zertan hasiko naiz ni orain?

Egan nora, jendea hara joaten zen garai haiek iragan-minez gogoratzen dituzu?

Ederrak ziren, bai. Baina, bestalde, punta-puntan egote horrek bere erantzukizuna ere bazeukan, exijentzia handiagoa zegoen lehen. Denak pozik utzi behar ziren, eta ez zen erraza. Horregatik, orain lasaiago gabiltza, erosoago. Bestela, bai, plaza beteta eta denak dantzan aritzea, hori ederra zen. Baina gaur egun ere badira toki batzuk giro hori gordetzen dutenak:Iurretan, adibidez, plaza bete egiten da orain ere. Garai hartan, dena den, lau etxeko auzo kozkorrenera ere jende pila bat joaten zen. Elduainen, Berastegin... herririk txikienean igual 5.000 lagun biltzen ziren. Gaur egun, alkoholemia dela, autoa zaintzeko joera dela edo nik dakit zer, gazte jendea ez da hainbeste mugitzen. Lehen, aldaparik handienean autoa puskatzeko beldurrik ez zen izaten. Herri txikietako giro hori galtzeak ematen dit penarik handiena.

Ba al da Euskal Herrian jo ez duzuen herririk?

Izango da bakarren bat. Gipuzkoan, Berrobi, Itsasondo... Eta Euskal Herri osoan gehiago. Aurten inoiz izan gabeko lekuetan jo dugu; Lezan (Nafarroan), adibidez. Leku horietan, gainera, dugun guztia ematen dugu. Aurten, Lezan, herriko egin gara. "Datorren urtean ere etorri behar duzue, izugarriak zarete...", hala esaten ziguten.

Ukuiluren batean ere jotakoak zarete.

Elorrioko Berrio auzoan. Orain taula gainean sekulako argi eta fokuak jarri behar dira, bestela jai dago. Garai hartan, ordea, jendeak jarraitzen zigunean, 60 watioko bonbilla batekin nahikoa zen jendea dantzan lepo jartzeko.

Beatles, Queen... taldeen bertsioetan oinarritu izan da Eganen arrakasta.

Bai, eta gehiago esango nuke: beti bertsioak egiten ibili eta gero, gure kantuekin atera genuen diskoak ez zuen batere arrakastarik izan. Egan, erromeria, ranchera, tirolesa... esparru horretara mugatu gaitu, nonbait, jendeak. Hasieran, gu rockeroagoak ginen, baina jendeak horretara eraman gaitu. Queen-n abestiekin atera omen genuen diskoak ere ez zuen batere arrakastarik izan.

Kantautore eta RRVren artean berbenen bidea egin zuen Eganek. RRVri buruz honako hau esan izan zenuen: "Hori bada gure erakusgarria, euskal musikarenak egin du".

Xabier Lete, Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta hauengandik, musika landua egitetik eta poesia ederretatik pasatu ginen kaka, culo, mierda horretara. Dena puskatzera. Rock erradikala eskatuko zuen beharbada gizarteak, baina hura eboluzioa ez, inboluzioa izan zen: kanta landuetatik bi akorderekin egindako kantuetara pasatu ginen.

Arrakastaren eta berbena taldeen ikur izanik, sabotajeren bat edo beste ere jasan zuen Eganek 80ko hamarkada hartan, ezta?

Normala da. Oraintxe ere, han edo hemen, botilaren bat bota izan diote Joseina Etxeberriari. Sabotajea? Mila pertsonaren artean bat nahikoa da botila botatzeko. Eganen inguruan ere izan ziren halakoak. Lehen esandakoa: puntan egoteak hori dauka; batzuk gustura egongo dira, eta beste batzuk ez. Garai hartan eganistak eta akelarristak zeuden, esate baterako. Zaila zen denekin ondo egotea.

Geroztik, nola ikusi duzu euskal musikaren bilakaera?

Saltoka, saltoka. Jendea batekin aspertu izan denean, bestera jo du. Punkarekin aspertutakoan, gitarra akustikoarekin egindako doinu politetara, Duncan Dhu eta abarretara, gero Su ta Gar eta heavyra... Muturretik muturrera. Beldur handiena globalizazioak ematen dit: haurrek telebista irensten dute, eta igual nahiago dute euskal abesti bat baino Operacion Triunfo-ko bat. Rockeroek ez dute plaza betetzen, trikitilariek ere ez, guk ere ez... Musika arrakastatsua jartzen duten DJek betetzen dute. Ez dakit jendea aspertzen ari den beti korrontearen aurka joaten... Euskal musikan behar da baten bat horiek denak uztartzeko, bestela kanpoko musikak jan egingo gaitu.

Txortan hitza Azkoitian sortua dela dio mito batek, eta Eganen abestien bidez zabaldua beste batek.

(Barreak) Auskalo! Azkoiti-Azpeiti aldean alpargatak josteari deitzen zaio txortan egitea. Eta, gero, beste adiera hori hartu zuen. Guk hitzetik hortzera erabiltzen genuen, gure garai erreprimitu haietan. Azpeitiarrak beti izan gara gauzak garbi esatearen aldekoak, gainera.

Zuk ere zuen abesti ezagunenetako bati ohore egiteko fama duzu: "Bakarrik lo ez..."

(Barreak, berriro) Bai, bai, dezente ibilia naiz; aukerak eduki izan ditut. Gure gurasoek dena zetorkien bezala onartzen zuten, baina gure belaunaldiak dena auzitan jarri zuen, dena puskatu behar hori izan zuen. Orain uste dut beste belaunaldi bat datorrela askoz apalagoa, gauzak auzitan jartzen ez dituena.

Erraza da familia bizitza eta gaueroko ibili hori uztartzea?

Oso zaila. Etxean gauzak argi daudenean, tira, baina hala ere zaila. 20 urte daramatzat ezkonduta, eta ikusten dut semeek aitatzat baino gehiago paga ematen dien lagun edo osabatzat hartzen nautela. Umeek behar dute eurekin egotea, noizbehinka errieta egitea, komunikazioa... Nik, ordea, jai daukadanean ez dut haserrerik nahi izaten, eta dirua eskatzen badute, to dirua! Errieta guztiak amak egiten dizkie, baina umeek amarekin nahi dute. Gero, emaztea 07:00etan jaikitzen da lanerako, eta ni ordu horretan oheratzen naiz. Eta libre nagoenean ere lo egiteko hartzen dut denbora. Hori izango da mundu honen prezioa.

Eganen ibilbidean izan dira une ilunak ere. Egan banatu zenekoa, adibidez. Zer gertatu zen?

Hageita lau ordu elkarrekin, eta, azkenerako, aspertu egin ginen. Ibilian-iblian, jendeak ikasi ere egin zuen... Hasieran, adibidez, abesti guztiak nik kantatzen nituen, eta, gero, pixkanaka besteak ere hasi ziren, protagonismoa pixka bat banatze aldera. Gero, ni Donostiara etorri nintzen bizitzera, eta betidanik bi talde bezala izan gara. Hasiera hartan, batez ere nik eramango nuen Egan aurrera, nire ideiekin, baina, denborarekin, besteek ere beren ideiak ekarri zituzten. Baina lau baten kontra elkartzen direnean, lehia ez da parekoa. Azken batean, 24 urte pasatu eta gero, elkarrekin aspertu, eta bakoitza bere ideiak aurrera eramateko gai zenez, banatu egin ginen.

Eta Egan izenarekin zu geratu zinen.

Hori izan zen, seguruenera, banaketa lehertu zuena. Banekien, denen izenean erregistratuz gero, bidali egingo nindutela taldetik. Hasierako taldetik, Alberto Frantzesena eta biok bakarrik geratu ginen; beste guztiak geroztik etorritakoak ziren. Ondorioz, Alberto eta bion izenean jartzea proposatu nuen eta erabakiak bion artean hartzea, baina hori ere ez zuten nahi. Azkenean, neure izenean jarri nuen, defentsa moduan. Gu Egan geratu ginen, eta eurak Trabuko. Gero, ordea, pare bat urtera, Trabuko ere bitan banatu zen: Irailerako 6 sortu zen batetik, eta Keinu bestetik. Beraz, laukote hartan bi behintzat baziren agindu nahi zutenak. Alegia, ni ez nintzen ardi beltz bakarra.

Geroztik, nola egokitu dira Egan eta Xabier Saldias berbena taldeeen gainbehera horretara?

Aurten polemika pixka bat sortu da formatuz aldatu dugulako: bi neska jarri ditugu dantzan, eta musika tresnak sakrifikatu ditugu. DJak plazan sartu dira, eta jendeari bost inporta zaio zeinek zer jotzen duen edo zein musika tresna dauden; jartzen duen giroak bakarrik axola du. Itxuraz arreta handiagoa jartzen zaio dantzariei eta ikuskizunari, musika jotzeari baino. Horregatik, joera hori ikusita, formatua aldatu dugu. Urduri gaude, ea jendeak nola hartuko duen. Batzuek nahiago izango dute betiko Egan, baina nik uste hau dela bidea. Gurekin hasi ziren taldeei asko gutxitu zaizkie emanaldiak, eta guk eusten diogu. Horregatik, pentsatzen dut asmatu dugula. Ea datorren urtean...

Zenbat emanaldi egiten dituzue orain?

.90-100 inguru. Ez dago garai bateko konturik, baina eusten diogu. Gaur egun, musika leku guztietan entzuten da, tabernetan, etxean, autoan... eta gazteek ez daukate plazarako grinarik. Eurek ere izango dituzte euren taldeak eta idoloak. Guri, berriz, haurrek eta helduek behintzat kasu egiten digute, eta horiei helduko diegu. 53 urterekin ez gara hasiko orain rocka egiten. Gainera, musika lana eta ogibidea da niretzat, eta hortik bizi ahal izateko, derrigor, jendearen nahia bete behar dut. Ia-ia, kartara izaten dira gure emanaldiak.

Bi mastileko gitarra famatu hura pixkanaka utzi, eta abeslari huts bihurtu zara denboraren joanean?

Bai, hainbeste urteren ondoren ikusi nuen taula gainetik jende artera jaitsi eta eurekin dantza egite hori ere ondo hartzen zuela jendeak. Zaila da lau orduan arretari eustea, eta ahal den guztia egin behar da jendea zureganatzeko. Niri ez zait inoiz gustatu leku batera joan eta denbora-pasa aritzea; gure zigilua uztea gustatzen zait. Ederrena da egun horretakoa kobratu eta datorren urtean etorriko garela esatea.

Hogeita bost urte barruko erromeriak nolakoak izango direla uste duzu?

Itzultze bat egongo dela uste dut. Globalizazio horrekin ere aspertuko gara, eta bertakora itzuliko gara. Trikitixa ez da sekula galduko, eta fandango eta arin-arinera bueltatuko gara. Herri handietatik txikietara egongo da alderik handiena. Herri handietan, denetarako jendea egongo da, Donostian batez ere. Donostian oso epelak eta bigunak gara; beti kanpora begira gaude. Bilbok eta Bizkaiak gehiago eusten diete sustraiei.

Musikaz aparte, paleta izan da zure beste zaletasun nagusietako bat. Ona omenzara, gainera.

Bueno, saiatzen gara. Gaztetan sari mordoa irabazitakoa naiz. Eta orain ere, jai edukitzeko eta partidatxo bat jokatzeko desiratzen egoten naiz, izerdiarekin berritua hartzeko. Horretxek sendatzen nau eta mantentzen. Esaten dute 53 urte baino gutxiago ematen dudala.

Telebista munduan ere ibili zinen. Gustukoa izan zen esperientzia hura?

Hantxe, Egan saioaren 13 kapitulu egin genituen, eta Bentaberri telesailean ere 100 kapitulutik gora. Aukerak eduki ditut, baina igual ez dut jakin behar adina aprobetxatzen, seguruenik musika dela-eta buru-belarri murgildu ezinizan naizelako. Eta orain damua.

"Gustura egingo nuke emanaldi bat hasierako Eganekin"

Plazarik gustukoena?

Zaila da. Mutriku bat, Iurreta bestea eta Peruri, Leioako auzo bat. Baten bat haserretuko zait baina... Mutrikun urtero izaten gara, eta plaza ederra da. Perurin oso giro herrikoia izaten da, eta Iurretan, berriz, sekulako jendetza.

Eta zailena?

Azpeitia, norbere herrikoa zaila da beti. Igual, saninazioetan ez garelako joaten. Beti inauterietan edo sansebastianetan. Plaza ere deserosoa da erabat. Kiosko bat, kaiola baten modukoa. Jendea ere, tabernen kalean pasaeran ibiltzen da, eta ez da geratzen... Azpeitian, gainera, saninazioetan, beti kanpokoak ekarri behar dira, eta diru asko pagatuta. Ez dakit, bertakoa gutxiago bezala hartzen dute. Hara, datorren urtean 35 urte dira Egan sortu zela, eta gustatuko litzaidake hasierako Egan harekin Azpeitian emanaldi bat egitea. Gu Javier Madinari laguntzen hasi ginen 1970ean, eta estreinaldia uztailaren 30an izan zen, San Inazio bezperan, hantxe, Gautxorin. Hura oroituz, Javier Madinarekin eta hasierako taldekideekin (Jose Luis Frantzesena Azpeitiko Bandako zuzendaria, Alberto Frantzesena anaia eta IƱaki Arenas) emango nuke gustura emanaldiren bat.

Erromeria gogoangarriena?

Garai bateko Kilometroak jaietan egiten genituen haiek sekulakoak ziren. Lehen, batzuetan, talde bakarra izaten zen, eta jende guztia han. Bestela, ez naiz gogoratzen. Nahiko lan izaten dut aurtengoekin oroitzen. Aurtengoen artean, adibidez, ederra izan da Zarauzkoa. Urepelekoa ere bai, mundu guztia kantuan, ondo gainera. 25 urte atzera egin genuen Urepelen.

Eta ahaztu nahiko zenukeen baten bat?

Ez zait bat burura etortzen.

Eganen abesti bat?

Behin batian Loiolan. Ez beharbada kutunena dudalako, baina bai jendeak horregatik ezagutzen gaituelako batez ere. John Denverren musika hartu, eta Bilintxen letra uztartu besterik ez genuen egin. Besteetan, sikiera, letrak euskaratzen lan dezente egin nuen. Queenen Show must go on... abestian, adibidez, sekulako lana egin nuen ez hitzez hitzeko itzulpenean, baina bai fonetikoki. Zu maisu on...itzuli nuen abestiaren leloa.

Bestela beti gustura entzuten duzun abesti bat?

Queenen Bohemian Rhapsodyeta Somebody to love. Bi horiek maisulanak dira niretzat.

Gaua ala eguna?

Eguna, eguna. Gauarekin aspertuta nago jada. 30 urtetik gora etxera goizeko 7etan etortzen... Kamioian gatozela, jada argitzen, pentsatzen dut: "Beste egun bat alferrik galduta". Goizeko 6etan, oraindik ilunpetan, etsiago sartzen naiz ohean.

Garagardoa, kalimotxoa ala konbinatuak?

Lehengo urteko beroarekin, gustura hartzen nuen zerbeza limoiarekin. Coca-Colak ahosapai gozoegia uzten dit, eta zerbezak lakarra. Behin asmatu ere egin nuen, biak nahastea. Harexek utzi zidan ondo.

Azpeitia ala Donostia?

1980an etorri nintzen Donostiara. Egunean egunekoa bizitzea gustatzen zait, eta erabaki dudanarekin aurrera jotzen dut, ez naiz beti atzera begiratzen duen horietakoa. Nagoen tokian ahal den ondoena bizitzen saiatzen naiz eta ahalik eta lagun gehiena egiten. Azpeitian nengoela ere, herri asko pasatu genituen, eta horrek nomada bihurtzen zaitu. Azkenean, herri guztietakoa zara.